Batelerentzat, oraingoz, kontrariorik ez
Nagusitasun osoz irabazi du San Juango emakumeen traineruak Hondarribiko Jaitsiera; mutiletan, bermeok irabazi eta Hondarribia izan da bigarren.
Erakustaldia eman zuten Batelerek lehengo larunbatean. Hondarribiko XVII. Traineru Jaitsiera irabazi zuten, nagusitasun osoz. Bigarren postuan sailkatu zen Hibaikari 22 segundoko aldea atera zioten. Mutiletan Bermeok irabazi zuen, kasu honetan ere, alde handiarekin. Ia hamasei segundoko aldea atera zioten Ama Guadalupekoari (15,77). Hirugarren tokian San Juan sailkatu zen, baina urruti, 33 segundora, eta seigarren tokian helmugaratu zen San Pedro, Donostiarra eta Ondarroaren atzetik. Orotara, 32 traineru lehiatu ziren Hondarribiko estropada, 20 gizonetan, zazpi emakumeetan, eta bost beteranoen mailan.