Trafikoan, kontrol zorrotzagoak
Segurtasuna bermatzeko, trafikoan kontrol zorrotzagoak ezarri ditu udalak.
Segurtasuna bermatzeko, trafikoan kontrol zorrotzagoak ezarri ditu udalak. Alkoholemia kontrolak ugaritu, harrapaketen aurkako kanpaina abiatu du, eta ikastetxeetarako garraio zerbitzua kontrolatzen ari da. Helburua, trafikoan segurtasuna areagotzea da.
Urtarrilean zehar, udaletik eman dituzten datuen arabera, alkoholemia kontrolak egin dituzte udaltzainek asteburuetan. 80 gidariri egin diete alkoholemia froga, eta hiruri drogena. Inork ez du positiborik eman.
Joan den astean zehar, berriz, harrapaketak saihesteko kanpaina egin zuten. Semaforoa gorrian dela kalea gurutzatzeak dituen arriskuen gainean kontzientziatzea izan du helburu kanpaina horrek, eta egun bakarrean 725 pertsonen jarduna kontrolatu zuten Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarlanean.
Eskola garraioa
Ikastetxeetarako zerbitzua ematen duten lau enpresatako autobusei ere egin dizkie kontrolak Udaltzaingoak. Aztertutako bederatzi autobusek gainditu dituzte frogak. Baimen eta dokumentazio egokia zutela guztiek jakinarazi du udalak, baita segurtasun uhalak ere. Gidariei alkoholemia frogak egin dizkietela eta ez duela inork positiborik eman esan du.