Zorrak kitatzen hasteko, hondar ale
Eskasa da oso, ez esatearren hutsaren pareko, emakume izenen presentzia inguruko herrietako kale izendegietan; azkenaldian urrats batzuk egin dira, errealitate gordin baten ispilu baino ez den horri buelta eman nahian.
Concepcion Etxeberria Bidarrai izena zuen Pasamanen alargunakEgiari zor, gizon batek eman dio Hitzari alargun haren berri, San Pedroko kolaboratzaile fin Jose Ignacio Elortegik. Berak aitortu duenez «ezer gutxi» dakite Pasaian emakume hartaz, eta dakitenek, Elortegik kasu, horretara propio jarrita lortu dute informazioa, ederki kostata. Concepcion Etxeberria Bidarrai. Horixe alargun ezezagunaren izena. San Pedron jaio zen, 1793. urtean. Juan Felipe Etxeberria Sistiaga eta Ignacia Benita Bidarrai Pitalugaren alaba. 1818. urteko abenduaren 20an ezkondu zen Joseph Francisco Pasamanekin, San Pedroko elizan. Oiartzuarra zen Pasaman, eta itzal handiko medikua izan zen bere garaian, diotenez, homeopatiaren aitzindaria gure inguruan. Frantzian ikasi zuen medikuntza Pasamanek, Montpelierreko Unibertsitatean, eta Parisen amaitu zituen ikasketak.
San Pedroko bere etxean utzi zuen dohaintzan, zahar etxe gisa erabiltzekoDonostian hasi zuen lanbidea Pasamanek, baina gerora asko bidaiatu zuten senar-emazteak. Txilen lan egin zuen Pasamanek urte askoan, eta Donostiara itzulita, pobreen aldeko bere jardun desinteresatuak egin zuen bereziki ezagun, beti ere Concepcion Etxeberria Bidarrai bidelagun. Zahar etxea dohaintzan 1850. urtean hil zen Pasaman medikua, eta hura hil ondoren, Concepcion Etxeberria Bidarraik jarraipena eman zion ordura arte senarrarekin batera egiten zuen ahulenen aldeko lanari. Horretarako, besteak beste, bere San Pedroko etxea, 57. zenbakikoa, Pasages herriari eman zion dohaintzan, bertan zahar etxe bat atontzeko. Hortik datorkio, beraz, San Pedroko parte zaharreko kaleari izena. 1881. urteko urtarrilaren 26an hil zen Concepcion Etxeberria Bidarrai, eta bere testamentuan idatzia utzi zuen eskaera. Pasaiako aiton-amonak jasotzeko etxea behar zuen harenak, «zortzi ohe aitonentzako eta hamabi amonentzako»; eta guztiak Karitatearen Alabak artatuak izatea agindu zuen, Sor Tomasa Cortazarren aginduetara.1889. urteko maiatzaren 3an sinatu zituzten etxea oinordekoen esku uzteko eskriturak. Urrats bakan batzuk Kale izendegietan emakumearen presentzia handitzeko asmoz, azkenaldian, egin dira urrats batzuk. Bilbon egin dute orain gutxi bat, Francoren erregimen faxistarekin lotura izan zuen Alfonso Txurrukaren moilari, Zirgarien izena jarriz.Soka luze batetik tiraka ontziak ertzera edo ibaian gora mugitzen zituzten emakumeak ziren Zirgariak. Ohiko lanbidea izan zen XIX. mendeko Bilboko itsasadarrean. ertuago ere, izan dira hainbat keinu, norabide berean. Irunen, esaterako, 2014. urteko otsailean erabaki zuten Maritxu Anatol izena jartzea ordura arte General Telletxea kalea izan zenari. Anatol Aduanan lan egin zuen lehenetariko emakumea izan zen, baita Comete Sareko kidea ere. Horrez gain, Irunen, Poxpologileak izena jarri diote garai bateko General Bergaretxe kaleari. Euren eskubideen alde lan handia egin zuten Irungo poxpologile emakumeek, eta kaleari haien izena emanda aitortza egin nahi izan zien Irungo Udalak. Azkenik, emakume langile guztien omenez, Martxoaren 8a izena jarri zioten Embajador Manuel Aznar kaleari. Hondarribian 118 kale ditu Hondarribiak, eta kale bakarrak du emakume izena, zein eta Kattalin Erauso kaleak, gizon jantziekin ihes egin zuen mojaren omenez. Salaketa Hondarribiko EH Bilduk egin zuen iaz, ekintza sinboliko baten bidez, martxoaren 8aren testuinguruan. Hawaii txiki parean dagoen plazatxoari Bienvenida Emazabel izena jarri zioten, egun batez. 1910ean jaio zen Bienvenida Emazabel Susperregi. Hamahiru anai-arrebetako zortzigarrena, oso ezaguna izan zen Hondarribian. Besteak beste, arrantzaleak itsasora joateko deien eta hil-deiak herrian zabaltzeko ardura zuen Emazabelek, baita kofradiako mandatuak betetzekoa ere. Errenterian, pilotalekua Errenteria-Oreretan orain dela bi urteko madalenetan egin zioten keinua gaiari, Fanderiako pilotalekuari Agustina Otaolaren izena jarrita. Otaola erraketista izan zen. Aurreko mendearen bigarren erdian, 1980ko hamarkadara arte, era profesionalean pilotan aritzen ziren kirolariak ziren erraketistak, horietako bat Otaola errenteriarra. Udalak omenaldia egin zion pilotari izandakoari frontoiari bere zena jarri zion egun berean.