[Bideoa] Liderrari hortzak erakusten
Partidaren azkenera arte borrokatu zuten arrosek, jokalari kontrarioen txaloak irabazteraino.
Irabaztea merezi zuten, baina ez zuten lortu. Donibane Eskubaloiko jokalariek estu hartu zuten Basauri liderra, partidaren bukaeraraino. Azkenean, ordea, eta gutxigatik izan bazen ere, bizkaitarrak gailendu ziren. 29-27 galdu zuten arrosek.
Galtzeko denak zituztela zelairatu ziren arrosak larunbatean, bat ere presiorik gabe, sei jokalari min hartuta dituztelako, eta horrez gain, beste bi baja izan zituztelako lan arrazoiak tarteko. Bajen artean taldeko bi atezainak.
Baina ezustea eman zuten sanjuandarrek eta atsedenaldirako hamar minuturen faltan gol bateko aldea zuten (10-11). Berdin atsedenaldira iristean (14-15).
Bigarren erdian, lehia bizia
Bigarren zatiaren hasieran Basaurik buelta eman zioten markagailuari eta bost minutuan lau golen abantaila lortu zuen talde bizkaitarrak. Baina arrosek ez zuten etsi eta partida bukatzeko hamar minuturen faltan berdintzea lortu zuten.
Basaurik baina, ederki baliatu zuen atezainek utzitako hutsunea, baita jokalarien nekea ere, eta azkenean mendean hartu zituen arrosak. Sanjuandarren lan txukuna txaloz aitortu zuten Basauriko zale zein jokalariek partida bukaeran.
Honenbestez , sailkapenean postu bat galdu eta seigarren tokian kokatu dira arrosak, igoerako play-offak jokatzeko postuetatik bi puntura baino ez.
Jokalariak:
Jon Gajate (6), Haritz Perez (5), Ibai Borges (5), Ion Ziganda (3), Aitor Cerro (2), Emilio Idoipe (2), Jokin Batalla (2), Jose Gonzalez (2), Luis Agirresarobe eta Ion Escribano.
