Pasaiako hautetsi eta hautetsi ohien talde zabal batek atxikimendua agertu dio Demoarsaren herri galdeketari.

Pasaiako hautetsi eta hautetsi ohiak, galdeketari babesa agertzeko agerraldian.
Pasaian 1977. urteaz geroztik zinegotzi eta alkate izandakoen ordezkaritza zabal bat elkartu zen atzo Donibanen, udaletxe aurrean, Demoarsok martxoaren 19rako antolatu duen herri galdeketari babesa agertzeko.
Han bildutakoen izenean, Juan Karlos Alduntzin alkate ohiak irakurri zuen adierazpena. “Komunitateari eta honi bakarrik dagokio bere antolaketa eredua zein izan behar duen erabakitzea”, adierazi zuen, eta “erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren oinarri nagusienetakoa” dela gaineratu zuen.
Herritarrei erabakitzeko eskubideaz, eta status politikoaz hitz egitera ez ezik, iritziak trukatzera eta elkar entzutera gonbidatu zieten. Horrez gain, herri galdeketa herriaren etorkizuna eraikitzeko bidean pausu garrantzitsua dela iritzita kontsultan parte hartzera deitu zuten.
