Martxoaren 19ko herri galdeketaren nondik norakoen berri eman du Oiartzungo Gure Esku Dagok. Egitarau berezia antolatu dute egun horretarako.
Garmendia, Arruabarrena eta San Josek eman zituzten azalpenak.
Oiartzungo Gure Esku Dago-k prest du martxoaren 19 herri kontsulta. Atzo eman zituzten galdeketaren nondik norako guztiak, Elizaldeko bozkalekuaren parean.
Alazne Garmendia prozesuaren gardentasun, neutraltasun eta objektibotasunaz arduratzen den Berme Batzordeko kidea da. Bozketa egunaren alde teknikoak azaldu zituen berak. Hala, martxoaren 19an 16 urte edo gehiago dituzten oiartzuarrek
Nahi al duzu euskal estatu bateko kide izan? bai ala ez erantzun beharko diote. Markarik ez duten paperek, hutsik dauden gutunazalek edo paper zuri bat boto zuri bezala kontatuko dute.
Bozkatu nahi duenak, NAN agiria edo argazkidun beste dokumentu bat aurkeztu beharko du, bizilekua Oiartzun dela jartzen badu. Ez bada hori agertzen, errolda ziurtagiria eraman beharko da.
Horrez gain, galdeketa herritarrek antolatzen dutela eta, zentsu ofizialik egongo ez dela jakinarazi zuen Garmendiak. “Beraz, ezinbestekoa da behar bezala identifikatzea. Herritar bakoitzak botoa gehienez behin emango duela ziurtatuko da sarean konektatutako ordenagailuen bitartez”, azaldu zuen. Horrez gain, botoa ematen dutenen datuak babeste aldera, identifikazio zenbakia bakarrik —izen-abizenik gabe— jasoko dute. Botoak kontatu bezain laster deuseztuko dituzte.
Aurreko botoa eta bozkalekua
Igor San Jose Berme Batzordeko kideak —mahai bakoitzean bozketa protokoloa ongi betetzen dela bermatzea da euren ardura—, berriz, bozkalekuen zerrendari errepasoa eman zion. Oiartzungo zortzi auzoetatik seitan egongo dira bozkalekuak zabalik, 09:00etatik 20:00etara (ikus zerrenda behean).
Aurretik bozkatu ezin dutenek, egun zehatz batzuk dituzte bozkatzeko. Horrela, bihar Altzibarko bozkalekuan eman daiteke botoa, 19:00etatik 21:00etara. Gainontzeko auzoetako datak eta orduak honakoak dira: Gurutzen, igandean (10:00etatik 12:30era); Karrikako Artaso elkartean, igandean (12:30etik 14:00etara); eta Arraguan, asteazkenean (18:30etik 20:30era).
Herritar bakoitzak nahi duen auzoan bozka dezakeela gogorarazi zuen San Josek, baina bakoitzak bere auzoan egitea gomendagarriena dela aholkatu dute. Azkenik, norbaitek ezin baldin badu bozkalekura bere kabuz joan, etxean bozkatzea eska dezake,
e-posta bidez.
“Bozkek herri honi kolorea ekarriko diote”
Judith Arruabarrena koordinazio lantaldeko kideak aitortu zuenez, kontsultaren “egun handia” gerturatu ahala, gero eta urduritasun handiagoarekin bizitzen ari direla egun hauek. “Egun horretan, gainera, udaberrian sartuko gara. Urtaro horrek duen esanahia izango du guretzako herri galdeketa horrek”, gaineratu zuen Arruabarrenak.
Martxoaren 19an jasoko diren botoak loreekin alderatu zituen: “Loreak bezala, herritarrek emandako bozka piloak herri honi kolorea ekarriko diote, erabakitzeko eskubidea gauzatu izanaren kolore ugariak. Ariketa hau demokraziaren gauzatzea, jaiotza bezalakoa izango da”.
Egun horretarako egitarau berezia antolatu dute, gainera. Horrela, 10:30ean bizikleta martxa egingo dute bozkalekuetara, Doneztebe plazatik hasita. Plazan, 11:00etan, muxikoak egingo dituzte.
Eguerdian, kalejira egingo dute Beheko Plazatik hasita. 13:00etan ekitaldia egingo dute herriko plazan, eta ordubete beranduago bazkari autogestionatua hasiko da. Arratsaldean, haurren txokoa jarriko dute Kontzejupe plazan (16:30etik aurrera), eta 17:00etan hasiko dira kontzertuak. 21:00etan itxiera ekitaldia egingo dute.
Bestalde, igande honetarako Erabaki challenge izenekoa antolatu dute. 16:30ean gelditu dira, plazan. Zapiak, kamisetak eta abar eramateko eskatu dute.
Bozkalekuen zerrenda
- Altzibar: Klarene plaza, 1 (Anixetako denda).
- Arragua: Lartzabal etxadia A, 2. lokala (Carcedo zena).
- Elizalde: Kazkazuri plaza, 2, behea.
- Ergoien: Pagoaldea 26. Pagoarte.
- Iturriotz: Bidezarra, 5.
- Ugaldetxo: Rafael Pikabea, 52 (Atamitx).