Martxoaren 19ko herri galdeketaren ardatz nagusiea parte hartzea dela nabarmendu dute Antxon. Agerraldia egin dute eguerdian, zabala eta jendetsua.

Antxotarrak, gaurko agerraldian.
Hamarnaka antxotar elkartu dira gaur eguerdian martxoaren 19ko herri galdeketari “bai” esateko, eta herritarrei horretan parte har dezatela eskatzeko, “antxotarrek, biltzen garenean, gauza handiak egiten ditugu. Une batez, gure ezberdintasunak alde batera utzi nahi ditugu, helburu komun baten aldeko deiadarra Antxo osora zabaltzeko”. Helburu komun hori hurrengo asteko igandean egingo den galdeketaren arrazoia da, herritarrei Euskal Herriko estatus politikoaren gaineko galdera egitea.
Agerraldia jendetsua izan da, babes handia jaso du herri galdeketak ondorioz; askotarikoa ere bertan izan direnen adina, generoa eta ideologia kontuan hartuz.
Martxoaren 19koa “erabakitzeko eskubidea gauzatzeko” egun bezala izendatu dute gaurko agerraldian izan diren hizlariek -Jarraipen Batzordeko kide Juncal Mintegia eta Erik Salazar-, eta legeak herritarron nahiak asetzeko tresna izan behar direla nabarmentzeaz gain, “gogoz eta ilusioz” galdeketaren erronkari aurre egingo diotela ziurtatu dute.
Mezua, hainbat datu praktikorekin uztartu dute hizlariek. Honakoak dira datu horiek:
- Galdeketan 16 urtetik gorakoek parte har dezakete.
- Eskalantegi, Buenavista, Zilargiñene, Sasuategi, Darieta, Lorete eta Berra Behea kaleetako herritarrek (berez Donostiako kaleak dira) parte har dezakete galdeketan.
- Martxoaren 19an, hauteslekua Gure Zumardian jarriko dute, 09:00etatik 20:00etara.
- Botoa emateko beharrezkoa da NANa. EHNA, pasaportea, gida baimena edota ofiziala den edozein agirirekin ere eman daiteke botoa, baina azken horiek erabiliz gero errolda agiria aurkeztea beharrezkoa da.
- Aldez aurretik botoa emateko aukera dago, Gaby gozotegia zenean (Zumalakarregi kalean): astelehen, asteazken, ostegun eta ostiralean 17:30etik 20:30era, eta astearte eta larunbatean 12:00etatik 14:00etara.