Pikoketa Errepublikazaleen Elkarteak antolatu du Joseba Ezeolazaren liburuaren aurkezpena bihar 19:00etan Errenteria-Oreretako Reina aretoan.
Camino Oscoz Nafarroan frankistek hildako 47 emakumeetako bat da.
Pikoketa Errepublikazaleen Elkarteak antolatuta
Camino Oscoz y otras historias del 36 liburua aurkeztuko dute bihar 19:00etan Errenteria-Oreretako Reina aretoan. Joseba Ezeolazak idatzi du liburua, eta Jon Collar Kultura zinegotziak aurkezpena egingo badu ere, idazlea berak ere hartuko du parte. Frankismoak 47 emakume hil zituen Nafarroan, horien artean Oscoz zen andereño bakarra: “Borrokalaria eta bitalista zen Oscoz”.
Nafarroako emakume errepublikazaleekin “zorra” dutela memoria historikoaren inguruan lanean ari direnek esan du Ezeolazak, “duintasun handiarekin lan egin zuten eta aitortza merezi dute, zor diegu, askotan emakumeetaz alargun, alaba edo kide bezala hitz egiten dugulako, baina Caminoren(Oscoz) figurarekin, hori baino askoz ere gehiago izan zirela ohartu gara”.
Hainbat mito ere apurtu nahi izan dituela esan du Ezeolazak. “Nafarroa osoa karlista zela da horietako bat. Iruñean mugimendu errepublikazale aberatsa zegoen, ekintza ugari martxan jarri zituenak”. “Bi bandoena” da bigarren mitoa, “Nafarroan ez zen bandorik egon, horrek bi aldeetako hildakoak izatea suposatuko luke, eta 3.452 hildakoak militante errepublikazaleak ziren”.
Camino Oscozen historia biltzeaz gain, frankismoaren errepresioa pairatu zuten beste pertsonen historia ere jaso du liburuan Ezeolazak, tartean errepublikazaleen alargunena. Azken horiei justiziak isunak jarri zizkien: “Ez zen nahikoa sortutako sufrimenduarekin, emakume hauek makurrarazi eta iraintzea nahi zuten gainera”. Bitxikeriak ere jaso ditu liburuan Ezeolazak. Besteak beste, Oscoz eta Pio Barojaren artean idatzitako gutunak, Federico Garcia Lorcak Iruñea bisitatu zuenekoa, hauteskundeetako kartelak, edo San Kristobalera igotzen ziren autobusen iragarkietako batzuk.