UHF frekuentziako talkieak emango dizkiete piraguak alokatzen dituzten erabiltzaileei; kirol instalazioetako panel informatiboak berritu dituzte.
Piraguetako erabiltzaileen segurtasuna bermatu nahi du udalak.
Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak jakinarazi du bi walkie talkie erosi dituztela Donibaneko piraguen erabiltzaileen esku jartzeko.
Talkieak kiroldegiaren harreran eskatu behar dira, eta erabilera doakoa izango da. Transmisoreak itsas ekipoetarako bereziki diseinatutako osagaiekin egindakoak direla nabarmendu du udalak, eta komunikazioetan segurtasun osoa eskaintzen dutela gaineratu.
Errotulu berriak
Udalerriko kirol instalazio guztietan seinaleak berritzeko proiektua gauzatzen ari direla, jakinarazi du, bide batez, Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak, zehaztu dutenez “instalazioak hobeto identifikatzeko, eta horietan ematen den informazioa hobetzeko”.
Kartel bakoitzean jasotako irudiaren bidez, barruti bakoitzeko herritarrei udal ikuspegia eskaini nahi die udalak, “kirol-ekipamenduen sare zabala osotasun bezala ikus dezaten”.
Horrez gain, bateratu nahi dute jarduera fisikoaren eta kirolaren politikan inplikatutako eragileek garatzen dituzten informazio guztia.
Era berean, panel informatiboen bidez, kirol ekipamendu bakoitzak eskaintzen dituen aukera guztiak ikusarazi nahi dituzte, “herritarrek hobeto ezagutu ditzaten eskura dituzten dauzkaten aukerak”, eta, bide batez, “herritar guztien aktibazioa ahalbidetuz”.
Itsasoa eta mendia
Euskarri informatibo berrien bitartez udalak Pasaiak kirolaz aire librean gozatzeko eskaintzen dituen aukerak nabarmendu nahi izan ditu.
Hala, Donibaneko instalazioaren sarreran, piragua alokatzekotan egin daitezkeen ibilbideak, iraupena, distantzia eta zailtasunak zehaztu dituzte.
Era berean, Tximistarri eremuan (Jaizkibel) duela gutxi berritu den eskalada-eskolaren berri ematen da.