Gervasio Sanchezek eta Monica Bernabek 2009 eta 2014 urteen artean egindako lanak, Afganistanen emakumeek bizi duten errealitate gordina erakusten du.
Zar Gul seme-alabekin. Argazkia Emakumeak. Afganistan erakusketaren parte da. ARGAZKIA: Gervasio Sanchez.
Emakumeak. Afganistan argazki erakusketa zabalduko dute bihar Niessen Merkatari Gunean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan.
Euskal Fondoren (Lankidetzarako Tokiko Euskal Erakundeen elkartea) eskutik heldu da erakusketa Errenteria-Oreretara. Gervasio Sanchez fotokazetariak eta Monica Bernabe ASDHA Bartzelonan egoitza duen Afganistango Giza Eskubideen Aldeko Elkartearen presidenteak 2009 eta 2014 urteen artean egindako lanak, Afganistanen emakumeek bizi duten errealitate gordina erakusten du. Askotariko gaien gaineko berrogei argazkirekin osatu dute erakusketa: ezkontza, ihesa, heriotza irtenbide gisa, zigorgabetasuna.
Talibanek, agintera heldu zirenean, etxetik kanpo lan egitea ikastea eta laguntza medikoa jasotzea debekatu zietela emakumeei azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Debeku horiek asaldatu egin omen zuten mendebaldea, “baina hori, Afganistango emakumeek beren etxeetan egunero bizi duten benetako dramaren icebergaren tontorra baino ez da”. Agintean dagoen etniakoko kide ez diren emakumeen kontrako indarkeria are eta gogorragoa dela erantsi dute.
Emakumeen kontrako indarkeria Afganistanen familian bertan hasten dela erakusten du erakusketa horrek, “endemikoa dela eta ez duela zerikusirik talibanak agintean egotearekin edo ez”.
Indarkeria matxistan oinarritua
Emakumea bizitzeko munduko lekurik okerrena dela Afganistan esan dute antolatzaileek, “indarkeria matxistan oinarrituta dago, eta hori ez da aldatu ez sobietarrak , ez talibanak , ez estatubatuarrak izan zirenean”.
Erakusketa osatzen duten argazkiak egiteko, Bernabe Afganistanen bizitzen izan zen ezkutuan hainbat familia eta emakumerekin. Ezkontzak behartuak dira Afganistanen, 5.000 euro kostatzen da emakume bat erostea bertan. Horren aurrean, emakume gazte askorentzat irtenbide bakarra bere buruaz beste egitea dela azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. “Munduko herrialde bakarra da emakumeen suizidio tasa, gizonena baina handiagoa dena, eta batez beste 14 eta 20 urte arteko neskak dira beren buruaz beste egiten dutenak”.
Egoera aldatzeko borrokan ari diren emakumeen historia ere bildu dute, emakume kirolariena, kazetariena…
Erakusketa apirilaren 12ra bitartean izango da zabalik.