Jose Angel Sanchez zinegotziak adierazi du lanak aurten hasiko direla, eta aldundiak proiektua prest duela.
Markel Olanok ez du erantzun, baina bai PSE-EEk, Lezoko zinegotzi Jose Angel Sanchezen bitartez.
Donibaneko Bonantza Auzo Elkarteak adierazitako susmo txarrei erantzunez, Sanchezek ziurtatu du Lezo eta Donibane arteko bidegorria 2017. urtean hasiko direla eraikitzen.
Lezoko zinegotzi sozialistak esan du Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu diputatu Marisol Garmendiak orain dela hilabete batzuk aurkeztu ziela proiektua. Zehaztu duenez, proiektuak hiru zati izango ditu, “modu independentean gauzatu ahal izango diren zatiak, eta elkarlanean landu dituztenak”.
Hitzarmena sinatzeke
Sanchezen arabera, Lezoko Udalak eta aldundiak hitzarmen bat dute sinatzeke, hil honetan bertan sinatu nahiko luketena, bidegorriaren proiektuaren hirugarren zatia gauzatu eta finantzatzeko.
Proiektuak 364.935,65 euroko aurrekontua duela zehaztu du zinegotzi sozialistak, eta Lezoko Udalak kostuaren %15 hartuko duela bere gain. Aldundiaren gain %85.
Finantzazio modu bera proiektuaren beste bi zatientzako errepikatzea litekeena dela aurreratu du, bide batez, Sanchezek.