14.027 pasaitar daude gaur botoa ematera deituta
Mahaiak eratu eta hauteslekuak zabaldu dituzte lau barrutietan, normaltasunez.
Dagoeneko hasi dira erabakitzen pasaitarrak
Iritsi da eguna. Demoarsok antolatuta herri galdeketa egingo da gaur Oarsoaldean. Goizeko 08:00etan eratu dituzte mahaiak Pasaiako lau barrutietan, normaltasunez, eta ordubete beranduago zabaldu, inolako arazorik gabe.
Pasaian 14.027 herritar daude gaur botoa ematera deituta, horietatik 5.099 Trintxerpekoak (%36,35); 4.392 antxokoak (%31,31); 2.594 San Pedrokoak (%18,49) eta 1.943 sanjuandar (%13,84).
Pasaian, guztira, bederatzi hautesleku daude: Antxon bakarra, Gure Zumardian; hiru San Pedron, -Herriko Plazan, Zamateten, eta Kanpitxon-; bi Donibanen, – plazan eta Meipin- eta beste hiru Trintxerpen -Serafin Esnaola plazan, Karmengo Ama eskola parean eta Correos parean-.
Pasaitarrentzako galdera hauxe: “Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?” .
