Alkartasuna Dantza Taldeak antolatuta Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute igandean Antxon
Iazko Dantzari Txiki Egunean, zumardian dantzan.
Hiru talde gonbidatu ditu aurtengo Dantzari Txiki Egunera Alkartasuna Dantza Taldeak: Nafarroatik Berako Gure Txokoa dantza taldea; Arabatik, Gasteizko Jare Dantza Taldea eta, azkenik, Bizkaitik, Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldea.
Eguerdiko 12:00ak aldera herriko kaleetan desfilea egingo dute hiru taldeek, eta haiekin batera, noski, Alkar Txikiko haurrak dantzatuko dira.
Desfilea bukatuta, Alkar Txikiko gurasoek antolatuta bazkaria izango da azokan, eta 17:00etan, Gure Zumardian, emanaldi nagusia. Euria eginez gero, emanaldia Ibaiondo frontoian egingo dutela ohartarazi du Alkartasunak.