Bildutako dirua, Olaizolak egun guztia gurpildun aulkian eman beharrean, zutik jartzen lagunduko dion makina erosten laguntzera bideratuko dute.
Unai Saldaña, Jose Luis Insausti, Josetxo Oliveri eta Alberto Santos gaur aurkezpenean.
Hodei Olaizola, tetraplegikoa gelditu zen gazte errenteriarraren aldeko kontzertua antolatu du Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak. Bildutako dirua, Olaizolak egun guztia gurpildun aulkian eman beharrean, zutik jartzen lagunduko dion makina erosten laguntzera bideratuko dute. Makina horrek 6.000 euro inguru balio duela azaldu dute.
Garrintzi Abesbatzaren 50 abeslariek jarriko diote ahotsa kontzertu solidarioari.
Navidad Criolla Alberto Irigaray uruguaiarraren lana eramango dute basilikara, eta Arantxa Coca, Ainara Garcia eta Mari Jose Portu solistak, Nekane Berridi eta Jasone Idiazabal altuak, Jon Etxabe tenorea, eta Alberto Mendigutxia baritonoa arituko dira. Instrumentuekin berriz, Maitane Crespo akordeoiarekin, Miren Etxebeste teklatuarekin, Ana Camarero gitarrarekin, Iñaki Letamendia perkusioarekin eta Sebas Galdos narratzaile lanetan arituko dira, guztiak Josetxo Oliveriren zuzendaritzapean..
Garrintziren emanaldiaren aurretik, Olaizolaren lagun eta Errenteria Musikalen ikaskide izan diren Hodei Alejos eta Unai Saldañak, gitarra kontzertua egingo dute. Christian Gottlieben bi gitarretako sonata aukeratu dute.
Kontzertua larunbatean izango da, 20:00etatik aurrera.sarrera doakoa da, baina antolatzaileek azaldu dutenez, hura amaituta dirua bilduko dute bertaratu direnen artean Olaizola eta bere familiari laguntzeko behar duen makina erosten. Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera.
Balantze positiboa
Lehenengo hiruhilekoan antolatutako kontzertuen gaineko balorazioa egin du Jose Luis Insausti, maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkartearen kideak. Urtarriletik hona sei kontzertu antolatu dituzte basilikan, eta guztira 1.050 lagun bertaratu dira haiek entzutera: “Batez beste 175 lagunek hartu dute parte kontzertuko”.