Kuadrillategi egitasmoan parte hartzen duten ia 400 gazteak deitu dituzte festa giroko egunean parte hartzera. Egun osoko egitaraua dute prest.
Iazko Kuadrillategi Egunaren pasarte bat.
Kuadrillategi Eguna egingo dute igandean (hilaren 26an) Lezon. Bertako, Errenteria-Oreretako, Pasaiako eta Oiartzungo gazteek urteroko topaketa egingo dute herrian, ia egun osoko festan. Oarsoaldeko Kuadrillategin 12-16 adin tarteko ia 400 gaztek parte hartzen dute; ostiralero, bi orduz elkartzen dira herri bakoitzean, euskaraz, aisia proposamenak taldean partekatzeko.
Ez dira aspertuko, ez, gazteak. 11:00etan gelditu dira Saldise plazan. Iritsi, lezoarrek harrera egin —elastiko berde bana emango diete partaideei—, eta berehala hasiko dituzte jarduerak, bazkaldu arte. Hasteko, taldeka eta herritik zehar, hainbat proba eta joko egingo dituzte.
Honakoa da egitaraua xehetasunez:
- 11:00etan, harrera eta taldekako jokoen hasiera.
- 13:00etan, bazkaria Karlos Saldise plazan, musikarekin girotua.
- 14:00etan, jokoen arratsaldeko txanda hasiko da, Pasaiako gazteek aurkeztuta.
- 16:00etan, trikizunba Lezoko gazteen ekimenez.
- 17:00ak aldera, kalejira txarangarekin.
- 18:00etan, eguna bukatutzat emango dute.