Tipi-topa egitasmoaren irteera berezia egingo dute bihar (osteguna): Herri Eskolako ikasleek adinekoak gidatuko dituzte herritik.
Joan den astean izan ziren Tipi-topakoak Herri Eskolan.
Tipi-topa berezia izango da biharkoa. Adinekoen artean osasuna, ohitura onak eta harremanak indartzeko egitasmoan Lezo Herri Eskolako 3. Mailako 18 haurrek parte hartuko dute. Hau da, belaunaldi artekoa izango da egitasmoaren hurrengo ibilaldia.
Joan den astean Tipi-topako partaideak Herri Eskolan egon ziren, bisitan. Izan ere, handik pasatzen da egitasmoaren bidea. Haurrak irteeraren batean parte hartzeko prest agertu, eta esandakoa egingo dute bihar (osteguna); ez hori bakarrik. Ikasleek gidatuko dituzte adinekoak, eta tokian-tokian, Lezori buruzko azalpenak eta informazioa emango diete adinekoei, ikastetxean ikasitakoa dena. Denak aterako dira irabazten, beraz.
Eguraldiak laguntzen badu, aiton-amonekin bilduko dira lezoar gaztetxoak esperientziak elkartrukatzeko. Eguraldi txarra egingo balu, irteera atzeratuko lukete.