Iaz egindako kale neurketaren datuak aurkeztu dituzte. Euskararen erabilera %58,8 da herrian. Gehiena Iturriotzen erabiltzen da; gutxiena, Arraguan.
Manuel Lekuona bibliotekan eman zuten datuen berri.
Pasa den udazkenean, iraila eta urria artean, Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren neurketa egin zuen Oiartzunen, udalak hala eskatuta. Pasa den ostegunean aurkeztu zituzten kale neurketa horren emaitza. Belen Urangak jakinarazi zuenez, Oiartzungo kaleetan entzuten diren elkarrizketen %58,8 euskaraz dira.
Sei eremutan —Altzibar, Arragua, Elizalde, Iturriotz, Ugaldetxo eta Ergoien-Gurutze-Karrika) banatu dute udalerria, eta bertan hamarna orduko saioak egin dituzte neurketa egiteko. Emaitzen arabera, aurreko neurketan —2011n— baino gehiago erabiltzen da euskara, baina duela hamabost urte baino lau puntu gutxiago. “Bost urte ez dira nahikoa erabilera egonkortu dela esateko”, adierazi zuen Urangak. Ioritz Aizpurua Euskara zinegotziak, datuak ikusita, esan zuen ezin direla erlaxatu.
Gazteak, gehiago
Haurrak (bi eta hamalau urte artekoak) eta gazteak (15-24) dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Bi segmentuak %75aren bueltan dabiltza. Haurrak tarteko dauden elkarrizketen %73,8 euskaraz izan ohi dira.
Helduen (25-64 urte) eta zaharren (64 urtetik gorakoak) erabilera %45era jaisten da. Datu “harrigarria” dela iritzi dute, oiartzuarren %73,9 euskalduna denean, eta %16 ia euskalduna.
Horrela, euskara gehien erabiltzen den auzoa Iturriotz da. Lau elkarrizketetatik hiru euskaraz izaten dira, kale neurketaren arabera. Gutxiena, berriz, Arragua da: %19,9 erabiltzen da auzoan. Nabarmena da, bestalde, Altzibarrek izan duen igoera: %20 igo da azken neurketatik.
Aitziber Arnaiz euskara teknikariak azaldu zuenez, udalak garrantzia berezia eman dio auzoetako bilakaera aztertzeari.
Euskara ari du
Aurkezpen ekitaldi berean parte hartu zuen Malores Etxeberria Hernaniko euskara teknikariak. Euskara ari du egitasmoaren berri eman zien Manuel Lekuona bibliotekara hurbiltzen direnei. 1.800 hernaniarrek sei astez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzen dute, eta haren nondik norakoen berri eman zuen.
Beste herrietako esperientzien berri jakitearen arrazoia iaz egindako euskararen arnasguneen tailerretik dator. Bertan parte hartu zuten udaleko ordezkari eta euskalgintzako eragileek zein euskaltzaleek kezka azaldu zuten euskararen erabileraren inguruan.