Helburua, egunerokoan baldintza prekarioetan ari diren langileak bildu eta esperientziak partekatzea da
Besteak beste Pasaiako Portuko zamaketarien borrokaz mintzatuko dira LABek antolatutako elkargunean.
Prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia dela iritzita, Ostiral Duinak elkarguneak antolatzen hasi da LAB sindikatua. Euskal Herri osoan antolatzen ari da, eta aste honetan, Errenteria-Oreretara helduko da. Helburua, egunerokoan baldintza prekarioetan ari diren langileak bildu eta esperientziak partekatzea da, “beti ere, alternatibak daudela erakusteko asmoz”, esan du Jazint Ramirez Oarso Bidasoko LABeko zerbitzu pribatuetako arduradunak.
Eragile politikoei urratsak ematea eskatu behar zaiela argi du sindikatuak, eta horren barruan, premiazkoenak ere zehaztu dituzte: 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea; asteko lanaldia 35 ordura murriztea; bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatzea, gutxieneko orduak ezartzea lanaldi partzialetan; eta laneko ikuskaritzak kontrol eraginkorra egitea enpresei.
Ostirala eta arratsaldean egitea ez da ausazkoa izan, “lantegietatik herrira ateratzeko errealitate horiek antolatu dugu elkargunea ostiralean, lantegiek dugun harresi hori, herria eta lanaren artean dagoen muga apurtu eta ikustarazteko”.
Egitaraua xumea dela gaineratu du Ramirezek. 17:00etan Foru Plazan antolatu duten mahai inguruarekin hasiko dute.
Nola bizi dugu prekarietatea, nola aurre egin? goiburuarekin lanean zein bizitzan nola eragiten duen prekarietateak aztertuko dute bildutakoek. Hainbat delegatuk hartuko dute parte, baina sektore prekarioenei hitza eman nahi dietela azaldu du Ramirezek, “tartean etorkinak, aniztasun funtzionala duten langileak, gazteak eta emakumeak”. Horiekin batera GOT Grupo Oarso Taldea eta Oarsoaldeko Mugimendu Feministako kide bana gonbidatu dituzte mahai inguruan parte hartzera, “ikuspegi orokorrago batetik azal dezaten zer den prekarietatea eurentzat eta aurre egiteko nola antolatzen diren”.
Duela 100 urteko lantegi esanguratsuenetatik giza katea
Mahai ingurua amaituta giza katea antolatu du LABek. Duela 100 urte Errenteria-Oreretan esanguratsuenak izan ziren enpresak kokatua zeuden eremuetara joko dute, “horietako bakoitzean kontatuko dugu enpresa horien historia eta izandako gatazkak eta gaur egun Oarsoaldean eta Bidasoan dauden gatazkei ahotsa eman, tartean Oreretako eraikin publikoetako garbitzaileen eta Jesusen Bihotza erresidentziako langileen borroka, Pasaiako Portuko zamaketariena, saltoki handietako langileen hitzarmenak eta lan baldintzak ezagutzeko hitza emango diegu langileei”.
Lino enpresa zena izango da abiapuntua eta handik Yute, Musika Plazan izan zen eta amiantoarekin arazoak sortu zituen Paisa, Lanera, eta Esmalteria pasata Foru Plazara itzuliko dira. Giza katea 18:30ean egingo dute. Horrekin amaituta, pintxoak eta musika hartuko dute elkargunea.
Arratsalde osoan zehar, gainera, bulego ibiltaria izango da herritarrek edozein lan kezka argitzeko aukera izan dezaten.
Ostiralean batez ere industriatik kanpo gelditzen diren sektoreei eman nahi die hitza Oarso Bidasoko LABek, “azpikontratak dira, batez ere emakume aurpegia duten sektoreak”. Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira sindikatu abertzalearen ustez “kalean zein lantegietan”. Lanpostu bat izateak ez duela suposatzen prekarietaterik ez pairatzea argi du eta horren erakusle datu bat eman du: “Zerbitzuen sektorean LABek egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez jakin dugu langileen %80a lan baldintza kaskarretan diharduela, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa”.
Prekarietatea, “sistema kapitalistak baliatzen duen tresna” dela gaineratu du, “gobernatzeko baliatu ohi dute”. Horren harira, “alarma gorria” pizteko garaia dela erantsi du LABeko kideak eta herritar guztiak gonbidatu ditu elkargunera hurbiltzera, “denon eskubideen alde eragitera”.