Garoñarekin "moztuko" du Errenteriako Udalak
Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixteko beharrezko neurriak har ditzala eta instalazio horiek biltegi nuklear gisa erabiltzeko aukera ez dezala onartu eskatu dio.
Garoñako zentral nuklearraren gaineko adierazpen instituzionala aho batez onartu du gaur Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Horren arabera, hainbat eskaera egin dizkio Espainiako Estatuko Gobernuari. Zentral nuklearra behin betiko ixteko beharrezko neurriak har ditzala eta instalazio horiek biltegi nuklear gisa erabiltzeko aukera ez dezala onartu eskatu dio. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren osaera arautzen duen lege esparrua aldatzeko ere eskatu du udaleko bozeramaileen batzordeak, “osaera berriarekin injerentzia politikoetatik babestuta egon dadin”, eta bertako presidente Fernando Marti Sacharfhausen kargutik kentzeko. Udalak, gainera, Garoñarekin moztu kanpainaren iragarkia udal webgunean jarriko du, “herritarren esku jarriko dugu manifesturako esteka, nahi duenak sinatzeko aukera izan dezan”. Bere eraikinetan hornitzen den energia elektrikoak iturri nuklear edo fosilen ordez, jatorri berriztagarriak erabil ditzan erabaki du gainera udalak, “hori bermatzeko beharrezko pausuak emango ditugu, proposamenaren bideragarritasunari eta gauzatzeko epeei buruzko txosten teknikoa egin ondoren”.