Gogorzari 100.2 artikulua ezartzea eskatu dute EH Bildu,Errenteria Irabaziz, eta EAJko hautetsiek, "laguntza mediku aproposa eman diezaioten".

Gogorzari 100.2 artikulua ezartzea eskatu dute EH Bildu, errenteria Irabaziz eta EAJko hautetsiek.
Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren harira Errenteriako Udaleko gehiengo politikoak bat egin du Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen preso oreretarraren osasun eskubideen alde. “Ezberdintasun ideologikoak” baztertuta, giza eta osasun eskubideekiko errespetua oinarri hartuta azaldu dira agerraldira. Zehazki EH Bildu, Errenteria Irabaziz eta EAJko hautetsiek egin dute bat, eta haien izenean, osasun eskubideak pertsona ororentzat eskatzen dituen adierazpena irakurri dute udaletxe aurrean EAJko Garbiñe Oiarbidek euskaraz, eta Errenteria Irabaziz alderdiko Jon Collarrek gazteleraz.
OME Osasunaren Mundu Erakundearen definiziora jo dute bi hautetsiek: “Osasuna erabateko ongizate, fisiko, mental eta sozialaren egoera dela dio, ez soilik gaixotasunik eta minik ez edukitzea”. Aitzol Gogorza aipatu dute ondoren, eta bizi duen “egoera larriak” kezkatzen dituela aitortu dute. Desoreka obsesibo konpultsiboa du Gogorzak, depresioa eta autolisi arrisku handiarekin. Basauriko espetxean dago, eta azken urteetan 28 aldiz ospitaleratu dute bere gaixotasunaren ondorioz. Horietako bitan, biriketako tronbo batengatik eraman dute ospitalera.
Aitzolen egoera ez datorrela bat espetxean egotearekin erantsi dute hautetsiek: “Legearen arabera 100.2 artikuluaren arabera hain zuzen ere, larri gaixo dauden presoek espetxealdi arindua izateko eskubidea dute, haien gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jaso dezaten”. Hori bera eskatu dute hiru alderdietako hautetsiek Gogorzarentzat, 100.2 artikulua ezartzea oreretarrari, “bizi duen egoera konplexu honi laguntza mediku aproposa eman diezaioten”.