Dantzari Txiki Eguna egingo dute astelehenean, maiatzaren 1ean, Ereintza Dantza taldearen eskutik.
Dantzari Txiki Eguna. Argazkia: Carrera.
Dantzari Txiki Eguna egingo dute astelehenean, maiatzaren 1ean, Ereintza Dantza taldearen eskutik. Errenteria Musikal eta Errenteriako Udalaren laguntza jaso du Ereintzak 29. aldia antolatzeko. Euskal Herriko herri ezberdinetatik heldutako zortzi talde eta 500 dantzarik hartuko dute parte 11:00etan hasiko den Dantzari Txiki Egunean: Beasaingo Arkautza, Lasarte-Oriako Erketz, Oiartzungo Haurtzaro, Urretxuko Lurra, Lezoko Murixka, Hernaniko Ttarla eta Tolosako Udaberri.
Antolatzaileek Errenteria Musikal nabarmendu dute, “250 dantzari bilduko baititu”. 11:00etan bilduko dira Koldo Mitxelena plazan eta hamaiketakoa egin eta indarrak bilduta, 11:45ean herriko kaleetan zehar ibiliko dira desfilea 13:30ean amaitu arte. Ordu horretan, talde guztiek elkarrekin dantza saioa eskainiko dute Zumardian.
Eguraldi txarrarekin, ekitaldi guztiak Galtzarabordako kiroldegiak hartuko lituzke.
Goizeko saioa amaituta, Bukagaitz, Txepetxa, Amulleta, Hibaika, Gau Txori, Niessen, Ondarra, Txintxarri eta Alkartasuna elkarteetan bazkalduko dute bildutako haurrek eta elkarte horiei zein Errenteria Musikaleko ikasleen gurasoei eskerrak eman dizkie Ereintzak, “emandako laguntzagatik”.