Sabadell banketxeak bezeroen zorrak putre funtsei saltzen dizkiela salatu dute, tartean errenteriar batek banketxe horrekin duen zorra.
Putre funtsen aurkako salaketa Sabadell banketxeraino eraman dute.
Elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak Sabadell Bankoak Errenteria-Oreretako Biteri kalean duen egoitzaren aurrean. Banku horrek bezeroen zorrak putre funtsei saltzen dizkiela salatu dute, tartean errenteriar batek banketxe horrekin duen zorra. “Bezero, kontsumitzaile eta autonomoen zorren pakete kopuru handiak putre funtsei oso merke saltzeko politika ari da aurrera eramaten Sabadell banketxea”. Eskaera zehatza egin diote, putre funtsei zorrak saltzen dizkien prezio bera jartzea zorra kitatzeko errenteriako bizilagunari, “putre funts horien baldintza beretan erosteko aukera bera nahi dugu Joxeanentzat, eta oraintxe bertan nahi dugu”.
Putre funtsek zorrak erosten dituzte, euren balioaren azpitik, gero zordunari ahal bezainbeste diru ateratzeko. Ez dute bulegorik, eta oso zaila da eurekin negoziatzea edo protesta egitea. Zordunaren gainean presio handia eragiten dute.
Sabadell banketxea “herritar zintzoekin” gogorra eta zorrotza den bitartean, mailegu paketeak saltzen dizkiela “sozietate piratei” gaineratu dute: “Salmenta hauek kopuru barregarrien truke egiten ditu, zordunek ordaindu ahalko lituzketen kopuruengatik, aukera balute. Nola saldu diezaioke banku honek zor bat bere balioaren %5agatik putre funts bati eta ez dio eskaintza bera egiten Joxeani?”.