Udalaren lan eskaintza publikoak langileen egonkortasunean eragingo du Karrikiriren esanetan. Une honetan langileen %29 da bitartekoa, eta LEP Lan Eskaintza Publikoarekin %20 murriztuko dute behin-behinekotasuna.
Jaione Karrikiri alkate ordea eta Jon Collar Kultura zinegotzia agerraldian.
Errenteriako Udalak 27 lanpostu eskainiko ditu. Jaione Karrikiri alkateordeak eta Jon Collar Kultura zinegotziak eman dituzte deialdiaren zehaztasunak gaur egin duten agerraldian. “Kalitatezko enplegua sortu” eta “kontsolidatzearekin” duen konpromiso eta borondatea oinarri hartuta egindako deialdia dela esan du Karrikirik. Egingo duen lan eskaintza publikoaren barruan, hamazazpi lanpostu txanda irekikoak dira eta beste hamarrak, berriz, barne promoziokoak.
Lan eskaintzarekin Legegintzaldi Planean helburu eta proiektuak gauzatzeko estrategikoak diren beharrei erantzun nahi diela udalak erantsi du Karrikirik. Hala, deialdi irekian, zuzenbidean lizentziatu bat, lau gizarte laguntzaile, Udaltzaingoko zazpi agente, erizain bat, ingeniari tekniko bat, bi delineatzaile (horietako bat elbarriei begirakoa da), eta elkarbizitza komunitarioko eta lankidetzako teknikari plaza bat dira lehiaketara aterako dituenak.
Barne promozioan honako lanpostuak eskainiko ditu: HAZ Herritarren Arreta Zerbitzu integraleko arduradun bat, zerbitzu berean arituko diren hiru administrari, hezkuntza eta gazteriako teknikari bat, kultura dinamizatzaile bat, brigada ibiltariko hiru ofizial, eta gizarte zerbitzuetako zuzendari bat.
Atzo bertan alkatetza dekretua egin zutela eta enpresa batzordearekin bildu direla zehaztu du, bestalde, eta horrenbestez, LEP Lan Eskaintza Publikoaren eta plaza bakoitzerako hautaketa proben deialdiak aurten eta 2018an egingo ditu udalak.
Lan eskaintza garrantzitsua
Lan eskaintza “garrantzitsua” dela udalak egingo duena gaineratu du Karrikirik: “Egungo legediak udalari ezartzen dizkion mugak muturreraino eramaten ditu ahal diren plaza gehienak eskainiz”. Araudi hori betetzeko, hainbat plaza “lehenetsi”egin behar izan dituela azaldu du alkate ordeak, “horretarako, udal batek eman behar dituen zerbitzuak eta beharrezko kalitatea hartu dira kontuan”.
Udalaren lan eskaintza publikoak langileen egonkortasunean eragingo du Karrikiriren esanetan: “2008ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen eraginez udal langileen %29 bitartekoa da, eta LPE honen bidez behin-behinekotasuna %20ra gutxituko da”.
Herritarren Arreta Zerbitzua 2018ko urtarrilean abiatu nahi du udalak eta Karrikirik zehaztu duenez agintaldiko “zutabe nagusienetakoa” da.
Plantillan hutsik dauden eta deialdian sartu ez dituzten plazei dagokienean aurretik aipatutako lege mugengatik ez dituela eskaini udalak zehaztu du alkate ordeak, “nahiz eta gobernu taldearentzat lehentasunezkoak izan”. Horiek, zein barne promozioko beste 11 plazei etorkizunean helduko dietela gaineratu du.