1977ko Amnistiaren Aldeko Astea gogoratzeko, ekitaldi sorta antolatu du Kalera Kalera dinamikak. «Gaztazkaren ondorioen konponbide integrala» errebindikatu du.
1977ko Amnistiaren Aldeko AStearen irudi bat.
Kaleak bor-bor ziren. Herri batzarretan zein protestetan milaka lagun bildu ziren eta Herriko Plaza, lepo azaltzen da garaiko txuri-beltzeko argazkietan. 1977ko Amnistiaren Aldeko Asteak ehunka eta ehunka herritar bildu zituen Hego Euskal Herrian, baita Errenteria-Oreretan ere, transizioaren giro nahasian. Itxialdiak, mahai inguruak, manifestazioak… Eta horiek guztiek poliziaren jazarpen itogarria izan zuten.
Azken horren erakusle dira maiatzaren 8tik 16ra bitartean antolatutako aste hartan izandako gertakari larriak. Amnistiaren Aldeko Astea odolez zipriztindu zen. Poliziak zazpi hildako utzi zituen herritan, eta hamarnaka zauritu. Bereziki gogorra izan zen egoera Errenteria-Oreretan. Zazpi hildakoetatik hiru errenteriarrak ziren.
Rafael Gomez Jauregi, Jose Luis Cano eta Gregorio Maritxalar tiroz hil zituen Guardia Zibilak 1977ko maiatzean. Gomez Jauregi lagunekin paseoan zihoala hil zuten, Ugarritzeko zubitik tiro eginda. 78 urte zituen, ELAko kide eta gerra ostean espetxean egondakoa zen, eta nazien kontra aritzeagatik domina eman zion Frantziako Gobernuak. Hilaren 12an hil zuten.
Egun bereko 22:30ean Gregorio Maritxalar Aiestaran 63 urteko errenteriarrari tiro egin zion Guardia Zibilak bularrean, etxeko balkoian zegoela. Ezin izan zituen eragindako zauriak gainditu. Bi egun geroago, Jose Luis Cano Perez hil zuten Iruñean. Poliziak lurrean kolpatzen zuen bitartean egin zion tiro. 28 urte zituen errenteriarrak.
Lau hamarkada beranduago Amnistiaren Aldeko Astea oroimenetik berreskuratu eta argitara ekarri nahi dute, gertatutako hura ahaztu ez dadin. Kalera Kalera dinamikak hartu du bere gain ardura hori, hildako eta zaurituak zein haien senideak gogora ekarri nahi dituzte antolatzaileek, eta 40 urte eta gero, «gatazkaren ondorioen konponbide integrala» errebindikatu.
Ekitaldi sorta
Kalera Kalerak Herriko Plazan aurkeztu zuen igandean gertakari lazgarriak oroitzeko Agur eta ohore. Omenaldirik onena, bakea eta askatasuna irabaztea goiburuarekin antolatu duen ekitaldi sorta.
Hitzaldia, erakusketa, bisita gidatua, dokumental emanaldia, nazio manifestazioa eta mendi martxa antolatu dituzte Errenteria-Oreretan. 1977ko Amnistiaren Aldeko Asteak utzitako irudiekin osatuko dute erakusketa herriko tabernetan, eta Juan Mari Olano eta Antton Lopez Ruiz Kubati-k 1977tik 2017 urtera arteko bilakaeraz arituko dira hitzaldian.
Txuri-beltzeko argazkiak kokatzeko eta historiaz janzteko aukera ere emango du Kalera Kalera-k, bisita gidatu baten bidez. Duela 40 urte gertatutakoak gune zehatzetan kokatuko ditu Jon Graciak.
Bide berriak ireki
Azken hilabeteetan aukera berriak zabaldu direla esan du Kalera Kalera-k: «Estatuek desarmearen urratsa ezinezkoa bihurtu nahi zuten hortik, bestelako aukerak zapuzteko eta euskal jendartetik elkarrekin sustatu zitezkeen urratsak eman gabe usteltzeko. Frogaturik gelditu da patu hori ez dela onargarria. Badago ausardia, badago prestutasuna eta jakinduria oztopo horiei aurre egiteko eta bide berriak irekitzeko».
Duela lau hamarkada amnistiaren aldeko aldarriak «espetxeak husteko planteatutako beharrak» egun premia berbera duela gaineratu du dinamikak : «Egun eraiki nahi dugun bake oso, justu eta iraunkorrak espetxe huste horren premia berbera du. Herriarekin bat eginez, herritarrekin batera preso, iheslari eta deportatuak kalera, etxera ekarri behar ditugu». Horren harira, giza eskubideen errespetua irabazteko behar handia dagoela gaineratu du dinamikak, eta euskal presoen urruntzearekin amaitu eta larri gaixo dauden preso guztiak kalean nahi dituela gehitu.
Azken eskaera horrek sostengu sozial zein instituzional zabala duela erantsi du Kalera Kalerak, «gehiengo sozial zabal batek ezinbesteko ikusten du euskal preso politikoen kaleratzea bakea eskuratzeko».
Aurrerantzean bakearen aldeko «artisautza ugari» beharrezko izango dela esan dute, «gatazkaren ondorio guztiei heldurik, bakea eta konponbide demokratiko baten eraikitze libreari bide emateko», eta herritar guztiak deitu dituzte antolatutakoekin bat egitera.
Egitaraua
- Maiatzak 8, astelehena. 1977ko Amnistiaren Aldeko Astearen argazkiekin osatutako erakusketa zabalduko dute herriko tabernetan.
- Maiatzak 9, asteartea. 1977-2017 bilakaera goiburuarekin hitzaldia Juan Mari Olano eta Antton Lopez Ruiz Kubati-ren eskutik, 19:00etan Reina aretoan.
- Maiatzak 11, osteguna. Bisita gidatua herriko kaleetatik, 18:30ean Herriko Plazatik abiatuta. Jon Graciak duela 40 urte zer eta non gertatu zen azalduko die bildutakoei.
- Maiatzak 12, ostirala. Dokumentalaren emanaldia, gaztetxean, 22:00etan.
- Maiatzak 13, larunbata. Nazio manifestazioa, 17:30ean, Herriko Plazatik abiatuta.
- Maiatzak 14, igandea. Mendi martxa Urdaburura, 09:30ean Susperregitik abiatuta.
- Maiatzak 27, larunbata. Herri bazkaria Egi Luze sagardotegian. Autobusa 13:00etan Aralar plazatik abiatuko da.