Astelehenean zabalduko dituzte Antxoko eta Donibaneko bulegoak eta hilaren 22an Trintxerpekoa.
Lore Suarez eta Izaskun Gomez, Antxoko bulego berrian.
Trintxepekoa, San Pedroko edota Antxokoa izan, orain arte, pasaitar guztiek Donibanera jo behar izaten zuten tramiteak egikaritzera. Han da udaletxea, eta han egiten ziren orain arte tramite denak. Aurrerantzean, ordea, norbere barrutian egin ahal izango ditu tramite gehienak.
Gaur aurkeztu du Pasaiako Udalak Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ), Antxon, hain justu astelehenetik aurrera herritarren zerbitzura zabalik egongo den bulego berrian, Hamarretxeta kaleko 22-24 zenbakietan.
Pasaiako alkate Izaskun Gomezek eta PSE-EEko bozeramaile Lore Suarezek aurkeztu dute zerbitzua. Zehaztu dutenez, Antxoko bulegoarekin batera zabalduko dute Donibanekoa datorren astelehenean (udaletxean bertan egongo da) eta hilaren 22an Trintxerpekoa, alkateordetzan. Bulego denak 08:00etatik 14:00etara egongo dira zabalik, astelehenetik ostiralera, urte osoan.
Bost langile ariko dira lanean aipatutako hiru bulegoetan. Udal langileak dira, eta trebakuntza berezitua jaso dute. Bi langile ariko dira Antxon, beste bi Trintxerpen, eta Donibanen ariko da bosgarrena eta azkena.
Internetez baita ere
Administrazioa herritarrei gerturatzea eta tramiteak erraztea dira, besteak beste, zerbitzu berriaren helburuak. Gomezek zehaztu duenez, hamalau hilabete eman ditu udalak zerbitzu berria martxan jartzen, eta lanek 250.000 euroko aurrekontua izan dutela jakinarazi du.
Suarezek zehaztu duenez, guztira, 162 tramite egin daitezke zerbitzu berriaren bitartez, eta horietatik heren bat unean bertan erantzun ahal izango direla gaineratu du. Horrez gain, 133 izapide on-line egiteko aukera dagoela gaineratu du, Pasaiako Udalaren
webgunearen bidez.