Argazki erakusketa zabaldu du Kalera Kalera dinamikak tabernetan. Irudian Sindikato tabernakoa.
40 urte bete dira 1977ko Amnistiaren Aldeko Astea egin zutenetik. Kalera Kalera dinamikak ekitaldi sorta antolatu du aste honetarako, eta horien barruan, gaur bertan zabaldu du Errenteria-Oreretako erdialdeko tabernetan garaiko argazkien erakusketa. Kaleetan ere jarri dituzte garaiko argazkien kopiak. Txuri beltzeko argazkiek gogoa urratu nahi dute, ohartarazi gertatu zenaz. Izan ere duela 40 urte odolez zipriztindu zen astea. Oreretako lau hildako eragin zituen poliziak.
Hildako horiek oroitzeko plakak jarri ditu Oreretako Ernai gazte antolakundeak herriko hainbat guneetan. Poliziak hil zituen tokitan edo haien bizilekua zenetik hurbil. Hildako haien izen abizenak azaltzen dira bertan, eta noiz eta nola hil zituzten. Arrosa gorria ez da falta. Rafael Gomez Jauregi, Jose Luis Cano eta Gregorio Maritxalar tiroz hil zituen Guardia Zibilak 1977ko maiatzean. Clemente Caño Ibañez A8 autopistan lanean ari zela, Guardia Zibilak barrikada bat kentzera behartu zuen eta auto batek harrapatu zuen. Bertan hil zen. Gomez Jauregi lagunekin paseoan zihoala hil zuten, Ugarritzeko zubitik tiro eginda. 78 urte zituen, ELAko kide eta gerra ostean espetxean egondakoa zen, eta nazien kontra aritzeagatik domina eman zion Frantziako Gobernuak. Hilaren 12an hil zuten.
Egun bereko 22:30ean Gregorio Maritxalar Aiestaran 63 urteko errenteriarrari tiro egin zion Guardia Zibilak bularrean, etxeko balkoian zegoela. Ezin izan zituen eragindako zauriak gainditu. Bi egun geroago, Jose Luis Cano Perez hil zuten Iruñean. Poliziak lurrean kolpatzen zuen bitartean egin zion tiro. 28 urte zituen errenteriarrak.
Bihar hitzaldia
Gaur zabaldu duten argazki erakusketari, biharko hitzaldiak emango dio segida. Juan Mari Olano eta Antton Lopez Ruiz Kubati-k 1977tik 2017 urtera arteko bilakaeraz arituko dira hitzaldian.
Egitaraua
Gaur, astelehena. 1977ko Amnistiaren Aldeko Astearen argazkiekin osatutako erakusketa zabalduko dute herriko tabernetan.
Bihar, asteartea. 1977-2017 bilakaera goiburuarekin hitzaldia Juan Mari Olano eta Antton Lopez Ruiz Kubati-ren eskutik, 19:00etan Reina aretoan.
Maiatzak 11, osteguna. Bisita gidatua herriko kaleetatik, 18:30ean Herriko Plazatik abiatuta. Jon Graciak duela 40 urte zer eta non gertatu zen azalduko die bildutakoei.
Maiatzak 13, larunbata. Nazio manifestazioa, 17:30ean, Herriko Plazatik abiatuta.
Maiatzak 14, igandea. Mendi martxa Urdaburura, 09:30ean Susperregitik abiatuta.
Maiatzak 27, larunbata. Herri bazkaria Egi Luze sagardotegian. Autobusa 13:00etan Aralar plazatik abiatuko da.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.