Festa handi batekin ospatu du Antxoko Areto Futbol Taldeak zaleen babesa.
300 lagun bildu ziren taldeak antolatutako paella jatean.
Dena irabazia zuten. Liga titulua eta igoera. Baina hala ere konformatu ez, eta, ohi bezala, denak ematera zelairatu zen larunbatean Pescados Ferreres taldea. Garaipen sendo batekin bukatu dute denboraldia antxotarrek, Mallabia Seguros Altadiri 7-2 irabazita.
Larunbata egun handia izan zen Pescados Ferreres taldearentzat. Haurren Eguna ospatu zuten, zaleei eskerrak eman asmoz. Eta zaleek ez zuten huts egin. 300 lagun elkartu ziren paella jatera, Gure Zumardian.
Bazkaldu aurretik, baina, txikien txanda izan zen. Biteri Plazan aritu ziren jolasten, haientzako propio antolatutako areto futboleko partidatan.
Eta indarrak hartuta Donibanera irten ziren denak batera, jokalariak eta zaleak, azken partidaz gozatzera. “Oso partida berezia izan zen, emozioz betea eta primerako giroan” adierazi du taldeko presidente Alberto Ferreresek.
Partidaren bukaeran, Iker Martiarena jokalaria agurtu zuten. Taldea utzi behar du eta Agurra dantzatu zuten bere omenez. “Bere ibilbidea eredugarria izan da, jokalari gisa zein arlo pertsonalean”, goraipatu du Ferreresek.
Kontrarioen kiroltasuna nabarmendu du, bide batez, Alberto Ferreresek, Mallabiak antxotarren garaipena ospatu zuelako “ohorezko korridorea” eginez. Zale txikienei ere egin zieten korridorea, bi taldeek batera, ondoren opariak banatzeko.
Klubaren izenean, eskerrak luzatu dizkie Ferreresek jokalari guztiei eta zaleei, baita larunbateko paella egin zuten sukaldariei, DJ Karlosi
, speaker lanetan aritu zen Urko Etxebesteri, eta antolatutako festa parte hartu zuten guztiei: “Arrakasta erabatekoa izan da, Pescados Ferreres taldearen egunik handiena. Ezin da gehiagorik eskatu”.