Pentsioena ez dela adineko pertsonen arazoa soilik, herritar ororena baizik esan du Duintasunak.
Duintasunaren manifestazioa.
Duintasuna Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsionisten elkarteak hileroko elkarretaratzea eta manifestazioa egin ditu gaur goizean. Pentsioena ez dela adineko pertsonen arazoa soilik, herritar ororena baizik esan dute bildutakoek, eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak mobilizatzera deitu dituzte, Eusko Jaurlaritza errenta hori eguneratzera behartzeko.
Gipuzkoan Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenen %27, 4.096 pertsona, pentsiodunak dira eta horietatik 2.745 emakumeak. Errenta jasotzen duten guztien artetik (67.797) erdia baino gehiago dira emakumeak, 35.951, hain zuzen ere, Duintasunak emandako datuen arabera.
Hitzaldia
Alzheimerra eta dementziaren gaineko hitzaldia ekarri du gogora bestalde Duintasunak. Gipuzkoako AFAGI alzheimerra eta bestelako dementziak dituztenen senide eta lagunen elkarteak eta Duintasunak antolatuta, alzheimerra eta dementziaren eraginaz mintzatuko dira Galtzarabordako El Parque Jubilatuen Elkartean (Urdaburu kalea 23, behea) asteazkenean, hilaren 10ean, 18:00etan hasita.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, 65 urtetik gorakoen %10ak alzheimerra edo dementzia pairatzen du: “Orain dela 25 urte familia barruko arazoa zena, lehen mailako arazo soziosanitarioa bilakatu da, eta horrek erantzun integrala eskatzen du gaixotasunari bere osotasunean aurre egiteko”.
AFAGIko presidente Koldo Aulestia, presidenteorde Begoña odriguez eta Jon Kortajarenak elkarteko ordezkaria Oarsoaldean hartuko dute parte.
Duintasunak herritar guztiak deitu ditu parte hartzera.