Bonantza Auzo Elkartea kexu da, diputazioak bidegorriaren proiektuaren gaineko informazioa ukatzen diolako.
Donibaneko Bonantza Auzo Elkarteak Arartekora jo du, diputazioak bidegorriaren proiektuaren gaineko informazioa ez diola ematen salatzeko. Bizilagunen elkarteak jakinarazi duenez, apirilaren 10ean aurkeztu dute kexa, “Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako inolako asmorik Lezo-Donibaneko bidegorriaren proiektuaren inguruan dituen edo ez dituen planen berri emateko”.
Luzaroan aritu dira bizilagunak informazio eske. Gogoratu dutenez, 2015. urteko abenduan, lanak 2017an egingo zituztela esan zien Aldundiaren Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendari Iñaki Pregok. “Bonantza Auzo Elkarteak, 2016ko urriaren 17an, berriz ere ordezkari berarekin biltzeko eskaria egin zuen, jakin nahi zuelako Aldundiak agindutakoa gauzatzeko zer-nolako planak zituen”, zehaztu dute bizilagunek.
Baina eskari hark ez zuen erantzunik izan, ez eta haren ondotik egin dituztenak ere. “Harrezkero, saio ugari egin ditugu Mugikortasun Departamentuan, herritar antolatu gisa, gure ordezkari politikoei bideratutako informazio eskariak erantzunen bat jaso zezan. Baina ez digute informaziorik bidali eta ez digute erantzunik eman ere”, jakinarazi dute bizilagun sanjuandarrek.
Gauzak horrela, Bonantza Auzo elkarteak Markel Olano diputatu nagusiarengana jo zuen lehengo otsailaren 8an, eta ondoren,
eskaera berbera publikoa egin zuten. “Tamalez, Donibane, Lezo eta inguruko herritarrontzat hain garrantzia handikoa den gai honen harira egindako idatziak ere ez du diputatu nagusiaren erantzunik merezi izan”, kexatu dira.
Nagusikeria eta gutxiespena
Ekimen hark Lezoko Udaleko zinegotzi baten
erantzuna eragin zuela gogoratu dute, bide batez, bizilagunek, baina ez zaie nahikoa iruditzen. “Bertan iragartzen zen bidegorria gauzatzea helburu duen hitzarmen bat egingo dela Lezoko Udalaren eta Aldundiaren artean. Hala ere, Bonantza Auzo Elkarteak egindako informazio eskaerak jarraitzen du erantzunik jaso gabe”.
Gauzak honela, eta “ahalegin guztiak kamutsak” gertatzen ari zirela ikusita Arartekoaren aurrean gure kexa agertzea eta salatzea erabaki dute bizilagunek. “Ez da inolaz ere onargarria herritarrek informazioa eskatzea eta arduradun politikoek ez-entzunarena egitea; horrek nagusikeria eta auzo elkarte honekiko erabateko gutxiespena baino ez ditu adierazten”.