Lezoko Udala irmo azaldu da ostiralean udaletxean egin zuten ekintzaren kontra. Erakunde ezberdinetan hartutako erabakiak errespeta daitezela eskatu du.

Ostiral arratsaldean, pintaketa udaletxean. Argazkia: Lezoko Udala.
Ostiral arratsaldean zaborra bota, eta pintaketak egin zituzten Lezoko udaletxean. Lezoko Udalak irmo gaitzetsi egin ditu ekintza horiek. “Demokratikoki aukeratutako erakunde bat erasotzea bereziki larria da. Horrelako ekintzek egungo gizartean lekurik ez dute, bizikidetza oztopatzen dute”, esan dute udaletik.
“Lezoar guztien etxea” erasotzea “kezkatzekoa eta larritzekoa” dela uste du udalak, “egunez egun bizikidetzaren eraikuntzan lanean dihardugunean”. Eta eraso horrekin “pauso bat harago” joan direla ohartarazi du, “erakunde demokratiko bat baita oraingoan erasoa jasan duena. Horrelako ekintzek ez dute zentzurik ez lekurik”.
Errespetua eskatzeaz gain, desadostasunak “guztion artean demokratikoki aukeratutako erakundeetan” eztabaidatu eta ebatzi behar direla azaldu du udalak, “eraso hauek beldurtzea eta derrigortzea baino ez dute helburu, eta lortzen duten gauza bakarra herria kaltetzea da”. “Erakunde desberdinetan hartutako erabakiak” errespetatzeko eskatu diete ostiraleko ekintza egin zutenei.