'Kafea eta tertulia beti natural' izenburuko egitasmoarekin Oarsoaldeko 43 kafetegitan euskarazko harremanak indartuko dituzte, hainbat euskarrirekin.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa Lezoko Taloka kafetegian.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak —bertako partaide dira lau udalak— euskara merkataritzara eta ostalaritzara eramateko irmo dihardu lanean. Azken sei urteetan, sektoreka, establezimenduetan euskarazko harremanak indartzeko lan egin dute. Aurten, zazpigarrenean, kafetegietara hedatu dute iniziatiba. Kafea lasai hartu, euskaraz.
Kafea eta tertulia beti natural izena jarri diote Oarsoaldeko lau udalerrietako 43 kafetegitan —Pasaiako hamahirutan, Oiartzungo seiretan, Lezoko lauretan, eta Errenteria-Oreretako hogeitan— garatuko den egitasmoari. Bat egin ez duten kafetegiek badute aukera euskararen trenean sartzeko. Horretarako tokian tokiko udalerriko euskara arloarekin jarri behar dute harremanean interesdunek.
Hizkuntza paisaiaren zati garrantzitsu dira herrietako establezimenduak, udalerrian euskarak izan dezakeen tokiaren erakusleiho, eta horietan eragiteko ahaleginean 43 kafetegi horietan bezeroei zuzenduriko ohar eta idatziak euskaraz izango dira —itzulpen zerbitzua eta materiala erraztu diete, euskarri iraunkorretakoa batik bat—. Establezimenduek egitasmoarekin bat egin dutela jakiteko, urte bukaera arte bistan izango dute horren berri ematen duen
kartela, baita gehien eskatzen diren kafeen (eta infusioen) panela ere.
Xehetasun horien berri Nahikari Otermin Pasaiako Udaleko Euskara zinegotziak eman du. Harekin batera izan dira egitasmoaren berri emateko gaur, Lezoko Taloka kafetegian egin duten agerraldian Jesus Mari Martiarena Lezoko alkatea, Ioritz Aizpuru Oiartzungo Udaleko Euskara zinegotzia, Garazi Lopez de Etxezarreta Errenteriako Udaleko Euskara zinegotzia, eta Oiartzungo Iturriren ordezkari Oskar Zapirain, nahiz Errenteria-Oreretako Errenkoaldeko Imanol Iparragirre. Oterminek, zehaztapen gehiago eman ditu. Honakoak:
- Ekainean, Kafea eta tertulia beti natural irudia eta leloa duten azukre zorroak hasiko dira ematen bezeroei kafetegietan.
- Sare sozialetara ere zabalduko da kanpaina. Horietan kafetegietan egindako argazkiak jartzen dituztenen arteko zozketa egingo dute, apaindutako katiluena (bat establezimendu bakoitzeko).
- Zozketa: urriaren 15etik azaroaren 15era, kafetegietan zozketa boletoak banatuko dituzte, kafetegietan euskaraz eskatzen duten bezeroei bete, kutxa batean sartu, eta zozketan sartzeko. Irabazleek (bat herri bakoitzeko) 100 euroko saria jasoko dute, boletoa entregatu den kafetegian gastatzeko.
Euskara kalitatea da
Merkatarien ikuspuntutik hitz egin du gaurko agerraldian Errenkoaldeko Imanol Iparragirrek. Esan duenez, hizkuntza paisaia euskalduntzeak garrantzia du, hizkuntza horrek duen estatutasen berri ematen duelako, eta hiztunekiko duen begirunea erakusten duelako, “herri batera, eta establezimendu batera sartzen garenean aurrena ikusten dena horixe da. Beraz, oso garrantzitsua da euskara paisaia euskaraz egotea”.
Nabarmendu du zerbitzua euskaraz ematea kalitatearen ezaugarri dela, “horretan sinetsita gaude. Bezeroak mimatu behar ditugu, gustuko izan behar dute establezimendua, eta horretarako, tratu pertsonalizatua ematea da komertzio txikiaren erronka”.