San Jose Gurutzearen Alabak ikastetxeak I Familia Lasterketa antolatu du. Lehiakortasunik gabeko parte hartzearen aldeko lasterketa osasuntsua izan nahi du.
Jimenez, Orbegozo, Garcia, Txasko eta Mañoso gaurko agerraldian.
I Familia Lasterketa antolatu du Errenteriako San Jose Gurutzearen Alabak ikastetxeak. Gaur egin dute agerraldia lasterketa aurkezteko, eta pozik azaldu dira Leire Jimenez ikastetxeko zuzendari pedagogikoa eta Jexux Orbegozo kirol mintegiko arduraduna, 500 lagunek, 150 bat familiek eman dutelako parte hartzeko izena. Agerraldian Unai Mañoso eta Maria Garcia ikasleak eta Jon Txasko Kirol zinegotziak hartu dute parte ikasettxeko ordezkariekin batera.
Jimenezek azaldu duenez ekintzaren bidez ikastetxearen heziketa proiektuarekin bat egiten duten hainbat helburu biltzen dira: “Familiaren arteko planak bultzatu, esperientzia berriak bizi eta lotura afektiboak sustatzea; lehiakortasunetik at gelditzen diren ekintza kooperatiboak sustatzea; ohitura osasuntsuak, kirolerako interesa bultzatu eta aktibotasuna indartzea; eta azkenik, 0-100 urte bitarteko pertsonak elkarrekin arratsalde dotorea eta osasuntsua igarotzeko aukera paregabea eskaintzea”.
Orbegozok eman ditu lasterketaren gaineko zehaztasunak. 3 kilometro eskas duen ibilbidea egingo dute parte hartzaileek Xabier Olaskoaga plazatik abiatuta. Abiapuntuan amaituko da lasterketa, eta bidean erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu: “Guztiz laua izango da, eta era eoso batean gozatzeko parada eskainiko du. Azken batean, hori baita gure helburu nagusia”.
Dortsala estandarra izango da eta 2 euroan salduko dute izena eman dutenen artean. Lasterketak alde batera utzi nahi du lehiakortasuna antolatzaileek zehaztu dutenez, eta horren harira ez da sailkapenik izango, “guztiok izango gara garaile, lehenak iritsi edota azkenak”. Bi anoa puntu jarriko dituzte ibilbidean barrena, bata Zubia tabernaren aurrean eta bigarrena, helmugan bertan. Ura eta fruta izango dituzte parte hartzaileek bietan.
Lasterketarako beroketa egiteko, berriz, zumba masterklas saioa egingo dute, baita lasterketa amaitzerakoan ere. Irabazlerik ez, baina parte hartzaileak ez dira, gainera esku hutsik joango, ez denak behintzat, kolaboratzaileek emandako sarien zozketa egingo baitute antolatzaileek lasterketa amaituta. Eskerrak eman dizkiete antolatzaileek kolaboratzaile horiei guztiei, 25etik gora izan dira. Bestalde, DBHko 4. Mailako ikasleek postua jarriko dute eskulanak eta pintxoak saltzeko. Jasotako dirua kurtso amaierako bidaiarako baliatuko dute.
Txaskok eskerrak eman dizkie lasterketaren antolatzaileei: “Familiarekin kirol arloan egindako ekintzak indartzeko beharra ikusi du kirol mahaiak eta ekintza hau erabat dator gure asmoekin. Lehiakortasuna alde batera utzi eta parte hartzeari eta osasunari indarra emateak garrantzi handia dauka, gainera”.
Hilaren 27an egingo du San Jose Gurutzearen Alabak I. Familia Lasterketa 17:00etan eta bertan 0 urtetik hasi eta 100 urtera arteko guztiek izango dutela lekua ziurtatu dute antolatzaileek.