VII. DB Sariak banatu zituzten lehengo larunbatean Don Bosco ikastetxean; goi mailako zikloetako ikasleek ikasturtean zehar landutako proiektuak aurkeztu zituzten lehiaketan, epaimahaiaren aurrean.
Zientzia, teknologia, ingeniaritza, ekintzailetza, artea eta matematika. Arlo horiek guztiak biltzen ditu STEAM arloak, eta den-denak sustatu nahi ditu Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak. Helburu horrekin hasi ziren Don Bosco Sariak antolatzen orain dela zazpi urte, eta lehiaketa bilakaera ezin hobea izaten ari da.
Lehengo larunbatean banatu zituzten VII. DB Sariak. Errenteria-Oreretako Don Bosco ikastetxean elkartu ziren aurtengo lehiaketako parte hartzaileak, guztiak Lanbide Heziketako eta DBH nahiz Batxilergoko ikasleak. Harrera egiten, besteak beste, Errenteriako alkate Julen Mendoza izan zen.
Don Boscoko ikasleak ez ezik, ekitaldian elkartu ziren, besteak beste, Anunciata, Orioko Herri Ikastola, Herrikide, Salestarrak, Zubiri Manteo, Laskorain ikastola, Lauro ikastola, Azkue, Lauaizeta, eta San Jose-Gurutzearen Alabak ikastetxeetako ikasleak. Epaimahaiaren aurrean denek aurkeztu zituzten lehiaketara aurkeztutako proiektuak, aurten, 27 guztira.
Sari banaketaz gain, Don Boscoko proiektu solidarioen erakusketa izan zen, eta baita drone lehiaketa ere, ikastetxeko jolastokian.
Auritze Etxezarreta Olano Don Bosco Institutuko elektronika departamentuko irakaslea da. Etxezarretak azaldu duenez, lehengo urtera arte elektronikako taldeak antolatzen zituen DB Sariak. Aurten, baina, aldatzea erabaki dute: «Ekitaldia eskola guztikoa izatea nahi dugu, eta aurten denek parte hartu dugu antolakuntzan; automoziokoak, mekatronikakoak…».
Etxezarreta, elektronika arloko irakaslea izateaz gain, STEAM arloko koordinatzailea da, eta bere eskarmentuagatik daki lehiaketetan parte hartzea oso onuragarria dela ikasleentzat: «Gu, goi mailako zikloan, bigarren mailako ikasleekin proiektuak egiten ditugu beti, eta lehen hainbat lehiaketetara joaten ginen. Zaragozara, Malagara…».
Esperientzia horietan ikusi ahal izan dute lehiaketetan parte hartuz ikasleek konpetentzia berri asko eskuratzen dituztela. «Proiektua jendearen aurrean aurkeztu, aurkezpena landu, aurpegia eman… Tailerretako lanaz gain harago konpetentzia asko eta asko lantzeko lagungarriak dira proiektuak», iritzi dio.
Horregatik, kanpora jo baino, halako lehiaketa bat bertan antolatzea interesgarria izan zitekeela pentsatu zuten. Eta erabaki eta egin. Ordutik antolatzen dituzte urtero Don Bosco Sariak, eta haien barne, ProiektON, dbBots, droneBosco, eta Ekintzaile DB. «Gure helburua da gero eta irakasle gehiago animatzea, uste dugulako proiektuen bitartez konpetentzia asko potentziatzen direla. Gainera, jakinda maiatzean lehiaketa batean parte hartu dezaketela, ikasleengan ilusio eta gogo hori areagotzen da», nabarmendu du Etxezarretak. Horregatik, ikasleei begira soilik ez. Irakasleentzako ere izan da tokia aurtengo DB Sarien barruan, Scratch tailerraren bidez.
Zer da Scratch?
Scratch programatzen ikasteko aplikazio informatiko bat da. Etxezarretak azaldu duenez, «bitarteko oso bisual bat, ikasle gazteenei programazioa era erraz batean erakusteko, jolas gisa».
«Gure helburua da gero eta ikastetxe gehiago animatzea ProiektONen parte hartzera, bereziki DHB eta Batxilergotik», gaineratu du Etxezarretak, eta horregatik, aurten DBH eta LHko irakasleei zuzendutako Scratch tailerra antolatu dute sari banaketarekin batera.
Proiektuak askotarikoak
Biologia arloko proiektuak (horietan Anunciata ikastetxea nabarmentzen da urtero, eta aurten ere hala izan da); teknologiarekin zerikusia dutenak— aurten, esaterako, bideo-joko bat—; drone bat 3D inpresorarekin diseinatuta; giza itxurako robota; 1938. urteko kotxe zahar bat goitik behera nola eraberritu duten erakusteko automozioko ikasleen proiektua; piraguismoan, slalom proban, piraguan zoazela denborak neurtzeko monitorea… Askotariko proiektuak aurkeztu dituzte ikasleek aurtengo lehiaketara, eta horietako asko, gainera, solidarioak dira.
Hori da, esaterako, automozioan landu duten proiektu baten kasua. Guatemalako ikasleek kotxe bat behar dute, automozioa ikasteko, eta hara osorik ezin dutenez kotxea bidali, erditik zatitu, eta haraino garraiatzeko moduan antolatu dute.
Mekatronikako ikasleek ere elkartasun egitasmo bat garatu dute, Fernando Mitxelena kirolari paraolinpikoari laguntzeko. Tiraketa olinpikoan jardun du Mitxelenak eta Tokioko 2020ko Olinpiar Jokoetan parte hartzea du helburu. Don Boscoko ikasleek mahai mekaniko bat garatu dute bere gurpildun aulkirako.
«Aurkezpena egiterakoan ikasleek klasean lantzen ez dituzten gaitasun batzuk lantzen badituzte, zerbait solidarioa egiten dugunean, lortzen duguna askoz aberasgarriagoa da», iritzi dio Etxezarretak. Horregatik aspalditik ari da elkartasunaren bidetik Don Bosco, txalogarri, hezigarri, erakusgarri.