Jaizkibelen ez dute militarren eremurik, ez militarrik nahi. Horregatik, martxa egingo dute hilaren 28an Lezoko plazatik abiatuta.
Martxarekin bat egin dutenak, atzo, agerraldian.
“Militarrak kanpora. Jaizkibel berreskuratu dezagun”. Aldarrikapen horren inguruan Oarsoaldeko hainbat talde, elkarte eta eragile bildu dira. Eta esaldiari mamia emateko arrazoiak eman dituzte, hurbilekoak, historikoak, eta beste hainbat alorri lotutakoak (politika, ekonomia, gizartea, ingurumena…). Bide horretan, besteak beste, hilaren 28an (igandea da) mendira ibilbidea egingo dute 10:00etan Lezoko plazatik hasita. 11:00ak aldera mendiko militarren tiro eremuan ekitaldia burutuko dute, jarraian otordu musikatua egiteko. Mendian, militarren jabetzakoak dira 365 hektarea; Pasaiako lur eremuaren herena, esaterako, Espainiako ejerzitoaren jabetzakoa da (Pasaiak Jaizkibelen dituen lurren erdia)
Atzo arratsaldean agerraldia egin zuten Lezoko plazan mendiaren desmilitarizazioa eskatzen duten eragileetako ordezkariek. Bertan aipatu zutenez, 1939an desjabetu zituzten egun militarrenak diren lur eremuak. Orduan hasi ziren trabajadoreak (langile esklaboak, frankismoaren agindupean lanean ari zirenak) bertako errepidea egiten, 1943 arte. Frankismoaren herentzia da, eragileentzat, Jaizkibelgo tiro eta maniobra eremua.
Horren harira, asko eta askotarikoak izan dira tiro eremuan ezabatzea eta militarrek alde egitea eskatu duten eragile, erakunde eta herritarren iniziatibak. Martxak egin dira, aldarrikapen erromeriak, udalbatzetan hartutako erabakiak, Euskal Herriko Itzuliaren etetea Jaizkibeldik pasatu zenean (1983an). Hala, den-denetan mezu bat: “Kaltegarria da eremu militarra herritarren aisiarako, arriskutsua da, kutsadura eragiten du, suteak eta istripuak sortu dira bertako jardueragatik, ez da beharrezkoa”.
Horrez gain, arlo politikoan, soldaduskaren eta militarren kontra sortu ziren mugimenduak oroitarazi zituzten atzoko hizlariek, baita bertako hainbat udal, Lezokoa tartean, udal intsumitu deklaratu zirela ere. Eta gastu militarrak, gainera, bestelako gizarte beharretan eragina duela plazaratu zuten atzoko hizlariek.
Ondorengoak dira hilaren 28ko martxarekin, momentuz, bat egin duten talde eta eragileak:
- Itsas Mendi
- Trintxer Mendi Taldea
- Trintxerpeko Klub Atletikoa
- Eguzki
- Ekologistak Martxan
- Txerrimuño kolektiboa
- Etxetxo memoria historikoaren taldea
- Girizia mendi taldea
- Oarso taldea
- Bixi-Bixi kultur elkartea