Agirre Lehendakariaren plazan Orereta Ikastolak duen eraikineko pintadak garbitzeko eskaera egin du EAJk udalean.
Pintadak garbitzeko eskatu dio udalari EAJk.
Agirre Lehendakariaren plazan Orereta Ikastolak duen eraikineko pintadak garbitzeko eskaera egin du EAJk udalean. “Haurrak hezten diren eremuetan, nagusien eztabaida politikoek” ez luketela tokirik eduki behar esan du eta “erabat desegokia” iruditzen zaiola gaineratu du: “Haurrak egunero dabiltzan eremu horretan, ulertzeko gai ez diren baina nahasmena sor diezaieketen gaien gaineko pintaden presentzia erabat desegokia da”.
Jendartea nahikoa politizatua dagoela iritzita, haurrak horretan “nahasteak” ez diola inori onurarik ekartzen diote. Pintaden aldekoa ez dela oro har gaineratu du alderdi jeltzaleak eta ez zaiola “txukuna” iruditzen, guztionak diren eremu publikoetan zein jabetza pribatuko eraikinetan eskaerarik eta baimenik gabe paretak margotu eta pankartak jartzea.
Guztiona denari errespetua
Kartelak “nonahi” ikus daitezkeela Errenteria-Oreretan esan du bestalde EAJk eta eskaera zuzendu dio herritarrei: “Ez zaigu iruditzen Errenteriari itxura onik ematen diotenik, eta azken aldian, herriarekiko begirune falta gero eta handiagoa dela uste dugu. Gero eta ugariagoak diren pankartek ez dituzte zuhaitzak ere errespetatzen, eta Koldo Mitxelenaren omenezko eskulturan kartel bat ere jarrita dago. Hori ohitura bilaka ez dadila eskatzen dugu”.
Adierazpen eskubidea “bermatuta” dagoela esan du amaitzeko, “baina beti ere besteekiko begirunez eginbehar dira aldarrikapen horiek. Errenteria guztiona da eta herritar guztiok, erantzukizunez eta besteekiko errespetuz egin behar ditugu gure aldarrikapenak. Besteekiko errespetua oinarri baitu bizikidetzaren eraikuntzak”.