Gaur Ganbara Abesbatzak abestuko du Donibaneko San Joan bataiatzailearen parrokian.
Ganbara Abesbatzak gaur abestuko du San Joan Bataiatzailean.
Beste bi kontzertu izango dira asteburuan Itsas Mendi elkarteak antolatutako XXVII. Musika Jardunaldien barruan. Gaur Ganbera Abesbatzak abestuko du, 20:00etan, San Joan Bataiatzailearen parrokian, eta igandean, berriz, Mugarik Gabeko Txuntxuneroak taldekoen txanda izango da.
Ganbara Abesbatza Oñatitik heldu da. 1994. urtean sortutako koroak, sari garrantzitsu asko irabaziak ditu, tartean, nazioartekoak. Gaur egun Aitor Biainek zuzentzen du abesbatza.
Igandean, berriz, Itsas Mendiren jardunaldietan urteroko zita dute Mugarik Gabeko Txuntxuneroek. Kale jiran ariko dira hango eta hemengo txistulariak, bazterrak alaituz.
Talde berezia da Mugarik Gabeko Txuntxuneroena. 1980. hamarkadan sortu zuten taldea txistulari nafar batzuk, txistuaren kaleko presentzia areagotu asmoz. Talde erabat irekia da, eta txistua jotzen dakien edonork har dezake parte, adin mugarik gabe. Gaur egun 250 lagun baino gehiago dira.