Migrazioa, herria eta deserria. Egun milaka pertsonek bizi dutena eta aurretik beste hainbestek bizi izan dutena bildu du Orratx! Antzerki Taldeak ‘Ez hemengo, ez hango’ antzezlanean. Gezalan estreinatuko du.
Orratx! azken lanaren entsegu batean Gezalan.
Lanean, azken ukituak ematen eta entseatzen. Hala dabiltza Orratx! Antzerki Taldeko kideak hilabetearen azken asteburuari begira. Orduan estreinatuko dute azken lana lezoarrek, Ez hemengo, ez hango. Ibilbidea hasi zutenetik egin ohi duten bezala, bikain azaldu nahi dute ikusleen aurrera. Gezala auditorioan, astean bitan antzerki taldearen entseguak isil hartzen dituen aretoan hitz egin du taldeak Hitzarekin. Bertan estreinatuko dute antzezlana, beti egin ohi duten moduan, hilaren 26an eta 27an.
Idazle ugariren antzerkiak moldatu ditu Lierni Fresnedo Orratx!-eko zuzendari eta aktoreak oholtza gainera igotzeko. Oraingoan, ordea, Garazi Ugalde herrikideak osatu du antzezlana. Erabateko gaurkotasuna duen gaia aukeratu du horretarako Ugaldek, migrazioarena: «Irudi mordoa iristen zaizkigu Siriakoak egun, errefuxiatuak ihesi gerratik, norabait heldu nahian. Aurretik euskaldunok ere joan behar izan genuen, eta gure herrira ere jende ugari heldu da beste lekuetatik». Idatzitakoarekin kideengana urduri heldu zela aitortu du, «ez nekien nola hartuko zuten, gustatuko zitzaien, asmatu ote nuen».
Idazten hasita, lehenengo aldia omen da halakorik egiten duena, berehala zuten eskuartean taldekideek antzezlana. Eta kideek berehala uxatu zituzten Ugalderen beldurrak, «izugarria iruditu zitzaigun, asko gustatu zitzaigun gaitasun handia duelako, eta berehala jarri ginen lanean», esan du Mertxe Larreak. Antzezlana hartuta, oholtza gainean irudikatzen du Fresnedak, gidoia egin, pertsonaiak banatu, biribildu, «moldaketak egiten joan gara, eta dagoeneko azken emaitza badugu. Oso gustura gaude lanarekin».
Amateur «profesionalak»
Ugaldek lan polita egin duela bat datoz taldekide guztiak. Baita Fresnedo «altxorra» dutela ere, «izugarria da halako zuzendari profesionala izatea gure artean». Izan ere, amateurrak badira ere, profesionaltasun handikoak dira euren lanak. Hogei urte beteko ditu Orratx!-ek oholtza gainean eta esperientzia handia dute.
Orain arte euskaraz egin ditu lan guztiak Orratx!-ek, beraien hautua izan zen taldea sortzea erabaki zutenean, eta hala mantendu dute bi hamarkada hauetan. Azken lana ere euskaraz dator, baina gaztelerak eta arabierak ere izango dute tartea, «uste genuen antzezlanak eskatzen zuela, tartea egin behar geniela». Horretarako bi kide berrik egin dute bat antzerki taldearekin, Laura Navarro, Lezora Andaluziatik heldutakoa; eta Mohamed Azzouz, Marokotik heldutakoa.
Biei antzezlanean parte hartzea proposatu zietenean berehala erantzun omen zuten baietz. Azzouzek dio bere lanerako, jendaurrean hitz egiten ohitzeko mesedegarri zaiola antzerkian aritzea, «polita iruditu zitzaidan aukera, baita Ez hemengo, ez hango lanarekin kontatzen duguna ere, eta hemen nago».
«Gustatu zitzaidan lanaren izenburua, harritu ninduen, eta hain erreala egiten saiatu nahi izana izugarri aberatsa iruditu zitzaidan, eta baietz erantzutea erabaki nuen», esan du Navarrok. Bihotza «oso handia» eta «oso irekia» duela taldeak, eta bertan «izugarri gustura» sentitzen dela gaineratu du.
Gaztelera ulertzeko ez, baina arabiera ulertu ahal izateko ikusleen zailtasunak aurreikusita, Azzouzzen kontaketa marrazki bidez ilustratuko dute Orratx!-ekoek. Maite Viaña taldekideak egin ditu, eta ederrak dira benetan, bat datoz taldekide guztiak. Viaña: «Ni ez naiz marrazkilaria eta ahal dudana egin dut. Erronka polita izan da eta gustura aritu naiz. Uste dut emaitza polita izan dela».
Hamaika egoera
Hainbat esketxek osatzen dute Orratx!-en azken lana: gerrako haurra izandako aitona eta haurrarekin parkean egoten den emakumea, pisu berean bizi diren hiru gazte langile eta langabeak, bazterrak nahastera datorren bizilaguna, adineko emakumea eta haren zaintzaile hegoamerikarra, kaleko saltzailea eta oraindik olibondoekin amesten duen gizona, bidaia luzetik heldu berria den laguna; kanpora joatea erabakitzen duen gaztea, lanik aurkitzen ez duelako… Hamaika egoera irudikatuko dituzte oholtza gainean.
Orratx! antzerki taldeko kideak Gezala kanpoaldean.
Navarro eta Azzouzena, berriz, berezia izango da, oholtza gainean kontatuko dutena beraien esperientzian oinarritutakoa izango da, eta zuzenean, begietara begira kontatuko diete ikusleei. «Hori oso zaila da, ez da bi lagunen arteko antzezlana, publikoari aurrez aurre jarrita eta begietara begira egingo dute, eta oso ongi gainera», esan du Fresnedok. Arabieraz egingo du Azzouzek, eta euskaraz eta gazteleraz egingo du Navarrok.
Ez diote urduri begiratzen estreinaldiari, hara iristeko prozesua izaten omen da zailagoa, «antzezlana estreinatzen duzunean, une bat da, bat-batean oholtza gainean zaude eta azkar batean pasatzen da —dio Bego Azpiazuk— hara iritsi bitartean orduak ematen ditugu entseatzen, moldatzen». Zailena, berriz, pertsonaia sinesgarri egitea dela uste du, «sartzea horretan eta ez bakarrik zuk sinistea, ikusleak ere hala egitea».
Hausnarketarako bidea
Antzerkia egin nahi dute Orratx! taldeko kideek, oholtza gainera igo eta interpretatu, gozatu gustuko duten horrekin. Baina beraien lanak balio du ere hausnarketarako, ikusleari gogoetarako bidea zabaltzeko. «Inkestek diotenez euskaldunak ez omen gara arrazistak. Nik uste dut ez dela egia», esan du Fresnedok. Horren harira, udaleko gizarte zerbitzuekin lanean aritu direla azaldu du: «Bertan esan digute badagoela ohitura zurrumurruetarako, edo hainbat komentario egiteko saltokietan erosketa egiten ari garen bitartean, adibidez. Entzuten ditugu, baina inork ez ditu mozten, ez du esaten ‘nahikoa da’. Gure gain hartzen ditugu, eta gure antzezlanean txertatu dugu halako egoera bat».
Taldean duten giroa ezin hobea da eta Xabin Larreak eman du klabea, «zuzendari paregabea dugu horretarako». Fresnedok gaineratu du «malgutasun osoa» dutela eta partaideen erritmoa errespetatzen dutela, «astearte eta ostegunetan egiten ditugu entseguak, kide guztien aukeretara moldatuta».
Antzezlana ikusten jendeak ongi pasako duen zalantzarik ez du Azpiazuk, «nahiz eta gaia serioa izan ikuspuntuak modu atseginean plazaratzen ditugu, eta identifikatua sentituko da ziurrenik bat baino gehiago. Zimiko bat egitea lortzen badugu kontzientziaren batean, primeran».
Xehetasun gehiago eman ditu Garazi Ugaldek: «Oso ezagunak zaizkigun egoeretatik abiatu gara ikuslearen identifikazio edo enpatia hori lortu asmoz, eta ahal bada eragin, orduan eta hobeto. Hemen kontatzen diren istorioak, gure artean bizi ditugun istorioak direla erakutsi nahi dugu lanaren bidez, eta horren adibide dira Laura [Navarro] eta Mohamed [Azzouz]».
Sarrerak, datorren astean
Itzali dira argiak. Isiltasuna apurtu du musikak eta oihalaren atzeko aldetik pixkanaka heldu dira. Ez hango,ez hemengo, Orratx! antzerki taldeko kide bakoitza sorterria utzi, eta itxaropenez, beldurrez, jakin-minez abiatu da beste herri batera, arrotz zaiona, baina etorkizunari begiratzeko aukera eskainiko diona, ustez behintzat. Nonbaitera, edonora, deserrira edo herrira heltzeko abiatu dira, zerbait hobeagoren bila, gerratik ihesi, milaka pertsona egun abiatzen diren bezala, beste garaietan euskaldunek ere egin zuten bezala. Antzezlanaren lehenengo eszenek hunkitu egiten dute, urduritasun korapiloa sortzen dute, eta beste hori dagoen egoerara hurbilduko dute ikuslea.
Gehiago jakin nahi duenak hilaren 27an eta 28an izango du aukera Ez hango, ez hemengo antzezlana ikusteko eta harekin gozatzeko, baita hausnartzeko ere. Estreinaldia, bi egunetan, 20:00etan izango da, eta sarrerak 5 euroan jarriko dituzte salgai datorren astean Lezoko kioskoan eta estankoan. Egunean bertan Gezalan erosteko aukera ere izango da.
Orain arte estreinaldi bakoitzean bete du aretoa Orratx!-ek, eta orain ere hala izango da, «herritarrak jarraitzaile finak ditugulako».
Bi hamarkada beteko ditu Orratx!-ek
1998. urtean hasi zuen ibilbidea Orratx! Antzerki Taldeak, «paperak banatu, ikasi eta entseguak egiten hasi ginen, baina ez genuen inondik inora argirik ikusten». Lierni Fresnedo aktore eta zuzendaria Orratx!-era gobindatu zuten. Garai hartan entseguak haurtzaindegian egiten zituzten, eta hantxe azaldu zen. Oraindik orain gogoan dute Fresnedok iritsita jarri zuen aurpegia, «argazki bat atera baliote, beldurrezko pelikulak jartzen dituzten aretoetan izango zen». Berehala eman omen zion buelta aldarteari ordudanik zuzendari denak, eta lanean jarri zituen.
Antzeztu zuten lehen lana Dario Foren Ordaindu, bai zera! izan zen. Dario Foren beste lan bat taularatu zuten ondoren, Bozinak, tronpetak eta zalaparta. Alfonso Zurroren hiru obra txiki heldu ziren gero, Lunarito, Bilis eta Tronpa eta Hegan egin nahi zuen gizona. Orratx! Antzerki Taldea ezaguna egiten hasi zen eta antzezlanen emanaldiak egiteko herri gehiagotik deitzen hasi ziren.
2003. urtean zabaldu zuten Gezala auditorioa, gaur egun antzerki taldearen entseguak eta emanaldiak hartzen dituena. Data zein lekua garrantzitsuak dira, beraz, antzerki taldeko kideentzat. Datorren urtean beteko ditu bi hamarkada talde lezoarrak, eta bide horretan beste hainbeste antzezlan eraman ditu oholtzara: Kale gorrian, Hariak, Kale-hop, edota Valium bada dira azkenekoak. Askotariko gaiak eta askotariko agertokiak, kale antzerkiarekin ere ausartu direlako. Hurrengo erronka, datorren asteburuan dute Ez hemengo,ez hango lanarekin.