Urdaburu Mendizale Elkarteak hiru martxa antolatu ditu iganderako, herritar ororentzat egokiak horietan parte har dezaten.
Urdaburuko eta udaleko ordezkariak, hurrengo ekitaldien kartelak eskuan dituztela.
1.000 bazkide, 75 urteko bidea. Mendizaletasuna, kultura, ingurumena, gizartea…
Urdaburu Mendizale Elkarteak Errenteria-Oreretarekiko duen atxikimendua, inplikazioa, sekulakoa da. Horren erakusle datozen egunetarako antolatu dituztenak. Hilaren 28an (igandean), herritar ororentzako hiru martxa Errenteriatik eta inguruetatik, eta ekainaren 1 eta 2an, munduko mendigoizale onenetarikoen testigantzak Niessenen.
Urdaburuk hiru martxa prestatu ditu iganderako, motza, ertaina, eta luzea. Denak ala denak herritarrei zabalik daude, baina bakoitzak kontuan har ditzala horien ezaugarriak zeinetan parte hartu erabakitzeko. Hirurak Agirre Lehendakariaren plazan jarriko duten karpatik abiatuko dira, “normalean gure irteerak egoitzatik egiten ditugu. Ahalegin berezia egin dugu martxa hauek ere herritarrei zabaldu eta parte hartzea sustatzeko”, esan dute Urdaburuko kideek.
Izan ere, martxa luzeak aurten 22 urte ekitaldi beteko ditu, baina beste biak, motza eta ertaina, bereziki prestatu dituzte 75. urteurrenaren harira, herritarrekin batera konpartitu nahi dutelako ospakizuna eta elkarteak dituen balioak.
Honakoak hiru martxa horien ezaugarriak:
- Motza: 10 kilometrokoa da, eta 09:00etan aterako da Agirre Lehendakariaren plazatik. Errenteria eta inguruetatik da martxa, erreferentziazko gunea Txoritokieta dela. Izen ematea: doan. Izena emateko: Internetez (25era arte) edo Urdaburura deituz (943 52 78 79) gaur (asteartea) edo ostegunean, 19:00etatik 21:30era. Familia giroan, haurrekin egiteko modukoa da. Ibiltzeko ohitura gehiegirik ez dutenek ere egin dezakete.
- Ertaina: 20 kilometrokoa da, eta 08:00etan aterako da Agirre Lehendakariaren plazatik. Errenteria eta Oarsoaldetik da martxa, erreferentziazko gunea Jaizkibel dela. Izen ematea: 3 euro. Izena emateko: Internetez (25era arte) edo Urdaburura deituz (943 52 78 79) gaur (asteartea) edo ostegunean, 19:00etatik 21:30era.
- Luzea: 44 kilometrokoa da, eta 07:00etan aterako da Agirre Lehendakariaren plazatik. Bidea egiteko denbora muga: 12 ordu. Oiartzun ibaiak eta bere errekek osatzen duten arroari bira emango diote. Izen ematea: 5 euro. Izena emateko: Internetez (25era arte) edo Urdaburura deituz (943 52 78 79) gaur (asteartea) edo ostegunean, 19:00etatik 21:30era. Urdaburuk bi urtean behin antolatzen du martxa neurtu hau, eta aurten, 22. ekitaldia beteko du. Mendiko federazioaren egutegian huts egiten ez duen martxa da, sona handikoa.
Gaur goizean egindako agerraldian eman dituzte Urdaburuko ordezkariek xehetasun guztiak. Elkarteko hiru kidek eman dituzte azalpenak: Arantxa Juanena presidenteak, Mikel Irasuegi presidenteordeak, eta Alejandro Graciak. Hiruek nabarmendu dute ahalegin berezia egiten ari direla 75. urteurrenaren harira, batez ere egiten ari direna Errenteria osora zabaldu nahi dutela.
Udaleko ordezkariak ere egon dira agerraldian, zehazki Jon Txasko Kirol zinegotzia, eta Ion Collar Kulturakoa. Biek ala biek Urdaburuk antolatu dituenetara animatu dituzte errenteriarrak, eta nabarmendu eta aitortu dute Urdabururen jarduna.
Goi mailako testigantzak
Alex Txikon eta Alberto Zerain. Azken asteetan are gehiago entzun egin dira goi mailako mendigoizale horien izenak egiten ari diren guztiengatik. Bada horiek herrira ekarriko ditu Urdaburuk.
HITZAk hilaren 18an eman zuen ekainaren 1ean eta 2an (biak 20:00etan) hurrenez hurren Txikonek eta Zerainek eskainiko dutenaren berri. Horiek ere ez galtzeko moduko proiekzio-solasaldiak izango dira.