Ahalduntzerako Eskolak bukatu du ikasturtea, eta bertan parte hartu duten auzo elkarteetako emakumeek egindako lanak erakutsiko dituzte orain.
Garazi Lopez Etxezarreta Berdinatsun zinegotzia auzo elkarteetako emakumeekin.
Ahalduntzerako Eskolak bukatu du ikasturtea, eta bertan parte hartu duten auzo elkarteetako emakumeek egindako lanak erakutsiko dituzte orain, herritar orori begira, baina batez ere emakumeei begira hilaren 29tik ekainaren 2ra bitartean Merkatuzarren zabalduko duten erakusketan. Horrekin batera, hainbat ekintza ere antolatu dituzte, ikasturtean ikasitakoarekin lotuta batzuk, eta hausnarketarako beste batzuk. Guztiak, Merkatuzarren izango dira. Berritasunen artean, ekainaren 2an antolatu dituzten mahai jokoak aipatu ditu Lopez Etxezarretak, “ohikoak izango ditugu, baina bereziak ere besteak beste, tribial feminista”.
Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotziak gogorarazi du Emakumeen elkarlanerako espazio propioak direla Ahalduntzerako Eskolak: “Modu indibidualean, autonomia lortu eta norbere buruarekin konfiantza izateko, eta kolektiboki pentsatuta jendartean parekidetasuna lortzeko”.
Errenteriako Udalak eta auzoetako emakume elkarteek pasa den urrian hasi zuten Ahalduntze Eskola. Ikasturteak emandakoa jendarteratzeko garaia heldu zaie orain, eta horren harira, herritar guztiak deitu dituzte erakusketa ikusi zein antolatutako ekintzetan parte hartzera.
Egitaraua
- Hilaren 29tik ekainaren 2ra. Erakusketa Merkatuzaren, 17:00etatik 20:00etara.
- Hilak 29, astelehena. 17:00etatik 18:30era, eho-ziri lanak; 17:30etik 20:00etara, zine foruma.
- Hilak 30, asteartea. 18:30etik 20:00etara, olio pintura.
- Hilak 31, asteazkena. 18:30etik 20:00etara, Euskal dantzak.
- Ekainak 1, osteguna. 17:30etik 18:30era areto dantzak; 18:30etik 20:00etara, zumba.
- Ekainak 2, ostirala. 17:00etatik 18:30era, mahai jokoak.