Mendia eta herria, biak libre
Jaizkibel desmilitarizatu eta mendiaren erabilera publikoa aldarrikatzeko martxa antolatu dute etzirako eskualdeko hainbat gizarte eragilek; Lezotik irtengo dira, militarren tiro eremura igotzeko
%17 militarren eremua Jaizkibel mendiaren %17 bereganatua dute militarrek; Pasaiako udalerriak Jaizkibelen dituen lurren erdia, eta udalerri osoaren heren bat.Jaizkibel desmilitarizatzearen aldeko azken martxa Eguzki Talde Ekologistak antolatu zuen, duela bi urte, Guardia Zibilak 2014. urtean eragindako sutea salatu, eta militarren presentziak ingurumenaren ikuspegitik suposatzen dituen kalteak nabarmentzeko. Pikabeak gogoratu duenez, orduan erabaki zuten borroka horretan aurrera urrats bat egitea: «Hasi zen planteatzen aldarria zabaltzeko beharra, erabilera militarra beti egon delako oso kuestionatua». Aldarrikapena zabaltzeko erabakia hartuta, Jaizkibel mendia erabiltzen duen jendearengana jotzea erabaki zuten. «Kirola egiten duen jendea, mendizaleak, arroketara jaitsi ohi direnak…. Jende horrek bere haragian sufritu dituelako askotan arriskua, leherketak, tiro-sortak, miaketak… Militarren presentzia hori beti izan da gogaikarria». Oroimena zor Oroimen historikoa gordetzeko lanean ari den Lezoko Etxetxo taldea ere batu da martxaren deialdira, eta ez ausaz. Iragan osteguneko agerraldian taldeko kide Joxe Luix Agirretxek gogoratu zuenez, Espainiako armada 1939. urtean hasi zen interesa agertzen Jaizkibel mendiarengatik. Ofizialki urte hartan agindu zuten lehenbizikoz mendiaren zati horren desjabetzea, Jaizkibelen tiro eta maniobretarako eremu bat ezartzeko. Nabarmentzekoa da, era berean, urte berean hasi zirela Jaizkibelgo errepidea eraikitzen. Frankoren erregimenak zigortutako 900 bat langile aritu ziren errepidea eraikitzeko behartutako lanetan, 1943. urtera bitartean. Pikabearen ustez, «esan daiteke errepide hori interes militar estrategikoengatik» eraiki zela.
Mendiaren erabilera publikoa aldarrikatuko dute etzi, tiro eremuan 10:00etan abiatuko dira plazatik eta 11:30ean hasiko da ekitaldia1940ko hamarkadan mendiaren zati handi bat desjabetu zuten: Iñularreta, Zunbilondo, Arrangua, Lete eta Gazterrotz baserriak eta baserrietako lurren desjabetzea ordukoa dela gogoratu zuten Etxetxeko kideek. Ordutik egin dituzte tiro praktikak bertan, arma arin zein astunekin. Eta ez bakarrik militarrek. Guardia zibilak, Espainiako poliziak, eta garai batean baita ertzainak eta hainbat herritako Udaltzaingoetako kideak ere Jaizkibelgo tiro eremuan trebatu izan dira. Kalte pertsonalak Lehorrean soilik ez. Itsasora ere egin izan dute tiro, eta praktika horien ondorioz, ezin ahaztu, istripu larriak eta heriotzak gertatu dira. Larrienak, ziurrenik, 1972. urtekoak. Oreretako bi gazte hil ziren militarrek mendian utzitako granada bat lehertu zitzaienean. Zaurituak ere eragin zituen leherketa hark. Itsu geratu zenik izan zen, baita anputaziorik pairatu zuenik ere. Alkartasuna arrantza ontziaren tirokatzea ere askoren gogoan da. 1980. urtean gertatu zen, Jaizkibelgo itsasertzetik bi miliara arrantzan ari zirela, Batallon Colon izenekoak tirokatu zuenean, metrailadore astunekin. Antzeko istripuak edozein unean errepika daitezkeela uste du Pikabeak, «gutxieneko segurtasun neurriak ez dituztelako errespetatzen, eta are gehiago kontuan hartuta Jaizkibel mendian gero eta jende gehiago dabilela». Talaia bidetik ez ezik, Club Vasco de Camping-ek itsaso ondotik markatutako bidetik gero eta mendizale gehiago dabiltza. Ingurumenaren kaltetan Mendiaren erabilera militarrak mendiari eragin dizkion kalteak, bestalde, ez dira txikiak. Munizioaren arrastoek eragiten duten kutsadura ez ezik, praktika militarren ondorioz suteak piztu izan dira. Azken sutea 2014. urteko martxoan gertatu zen. Gerora jakin zenez, Guardia Zibilak sortutako sua izan zen, tiro eremuan material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zela. Sute haren ondorioz, babestutako landaretzarekin 5,5 hektarea erre ziren. Gerora hiru Guardia Zibil deitu zituzten deklaratzera, ingurumenaren kontrako delitua leporatuta, eta gaia auzibidean da oraindik.
Antimilitarismoa, ekologismoa, oroimena… ertz askotako aldarria da Tiro praktikek mendia arriskutsu egiten dutela salatu dute antolatzaileekTalde ekologistek, orduan eta gerora, askotan salatu dute «zentzugabea» dela Jaizkibel Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea, eta, aldi berean, bertan tiro eremu bat egotea. Kontserbazioa eta tiro eta leherketak ez direla bateragarriak argi dute ekologistek. Kalteak itsas hondoan ere igarri omen daitezke. Praktiketan erabilitako armamentua urpean omen. Hala baieztatu ahal izan zen Jaizkibel paretik hartutako hondarra Zurriola hondartzara eraman eta militarrek itsasora jaurtitako obus ugari azaleratu zirenean. Mobilizazio asko Orain baino lehen asko izan dira Jaizkibel desmilitarizatzearen aldeko mobilizazioak. 1983. urtean, militarren kontrako kanpaldi bat egin zuten Jaizkibelen, eta urte berean, Euskal Herriko Itzuliaren karabana geldiarazi zuten militarren okupazioaren kontra. 1997. urtean, berriz, erromeria bat antolatu zuen bailarako talde antimilitarista eta intsumituak, eta garaiko kronikek diotenez, «okupazio militarra eta poliziala salatzeko». Oarsoaldeko udaletan ere bultzatu izan dira iniziatibak. 1983. urtean, esaterako, Pasaia, Lezo eta Errenteriako udaletan militarrak Jaizkibel menditik alde egitearen aldeko mozioak onartu zituzten. Baita gerora ere, 1990. urtean, orduko hartan, Lezon eta Pasaian. Orduko alkateak, Xabier Portugal pasaitarrak eta Mikel Arrizabalaga lezoarrak, militarrengana igo eta eskura entregatu zieten udaletan adostutako mozioa. 1897. urtean, berriz, Lezoko Udalak «eremu desmilitarizatu» izendatu zuen udalerria. Ondoren, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak udal akordio hura indargabetu zuen, «Espainiaren interes orokorraren aurka egiteagatik». Gerora ere gertatu dira antzerakoak. 2001. urtean epaitegiek Pasaiako Udalaren arau subsidiarioak indargabetu zituzten, «Jaizkibel mendiko instalazioen erabilpen militarra galarazten zutelako». Beharrik ez Jaizkibelen soilik ez; Loiolan, Katean, Lore Tokin… Militarrek lur eremu handia bereganatua dute inguruan. Armadak gaur egun lur horien beharra ez duela argi dute etziko mendi martxaren deitzaileek, eta «gastu militarrean xahutzen duten dirua gizarte beharrak asetzera bideratzea» eskatzen dute. Jaizkibelera, zehazki, militarrak gero eta gutxiago datozela sumatu dute inguruko herritarrek, nahiz eta etortzen direnean, beren presentzia oso nabarmena izan: «Guardia Zibilarekin etortzen dira, eta inguru guztia arakatu, jendea identifikatu eta bidali egiten dute». Beharra ez izanda ere, estatuak tinko eusten dio eta ez du inoiz agertu okupatutako lurrak libratzeko asmorik. Are gehiago, erabileraren gaineko datuak «nahita puzten» dituztela uste dute mendi martxaren antolatzaileek, Loiolako kuartela adibide. Armadak instalazioen beharra duela dio, eta han 500 soldadu aritzen direla defendatu. Inork gutxik ematen dio sinesgarritasuna datuari. Aitzitik, herriaren eskaerei entzungor, biharko, Indar Armatuen Eguna antolatua du Armadak Loiolan. Goizean kuartelaren ateak herritarrei zabalduko, beren maniobratan darabilten materiala erakusteko, omen. Atxikimenduak – Itsas Mendi. – Trintxer Mendi Taldea. – Trintxerpeko Klub Atletikoa. – Eguzki. – Ekologistak martxan. – Txerrimuño Kolektiboa. – Etxetxo. – Girizia Mendi Taldea. – Xoxolur Mendi Taldea. – Oarso taldea. – Lezoko Gazte Asanblada. – Tiñelu elkartea. – Bixi-Bixi kultur elkartea.