Hala adostu zuen atzo plenoak, herri mugimenduaren iniziatibaz, eta alderdi guztien babesarekin.
Oposizioak gai batzuk babestu eta besteetan abstenitu egin zen, baina gobernuaren proposamenei kontra egin gabe.
Mozioa ez zegoen gai zerrendan, baina Donibaneko gizarte eta kultur eragileek bultzatuta plenoak premiazkoen artean txertatzea onartu eta bere egin zuen, alderdi guztien babesarekin, eta atxiki gabeko zinegotzi Manuela Nicolasen abstentzioarekin. Honenbestez, Donibaneko auditorium berriak Juanba Berasategiren izena eramango du.
Aitortzarekin “herriko semearen izena etorkizunean gorde” dadin bultzatu nahi izan dute iniziatibaren bultzatzaileek, eta horretarako barrutian eraikitzen ari diren kultur azpiegitura berria toki ezin aproposagoa dela defendatu zuten. Bixi-Bixi, Itsas Mendi, aiton-amonak… Donibaneko hamaika eragile bildu dira iniziatiba honen bueltan, Berasategiri esker honez, herriari emandakoa nolabait itzuli nahian.
Euskarazko zinemagintzari eta animazioari egin dion ekarpena ez ezik, herriari eta herritarrei emandako dena goratu zuten mozioaren bultzatzaileek, eta hunkituta ekarri zuten gogora, azken inauterietan “herri osoa bere ideia baten bueltan bildu” izana. Berasategirena izan zen Orreagako Guda inauterietara ekartzearen ideia, eta parte hartze oso aktiboa izan zuen antolakuntzan.
Hortik aurrera ezustekorik gabeko plenoa izan zen atzokoa. Gai zerrendako guztiak aurrera atera zituen udal gobernuak, gehienak aho batez, indarkeria matxista bizi duten emakumeen arretarako protokoloa hobetzeko proposamena eta Pasaiako Udaleko jardueratan generoaren zeharkakotasun estrategia ezartzeko akordioa kasu.
Proisa eta lonja
Eguneko beste bi albisteak, alkatetzaren gestioen berri ematean plazaratu zituen Izaskun Gomez alkateak. Besteren artean, epe laburrean udalak eta aldundiak Proisarekin hitzarmena sinatuko dutela iragarri zuen. Hitzarmena sinatzeko ekitaldia ekainaren 12an izango dela zehaztu zuen, eta horren aurretik gaia ezohiko pleno batean landuko dutela iragarri zuen.
Horrez gain,
Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluaren atzoko bileraren berri eman zuen Gomezek, eta Estatuko Portuak erakundeak lonjako auziaren harira egindako auditoria txalotu zuen. “Txostena oso zehatza da. Oso ondo egindako lana da, oso sakona, eta frogatuta geratu da ez dela ezer ere egon, bakar-bakarrik irregulartasun administratiboak”, adierazi zuen alkateak.
Auditoriaren ondorioak eskuan Fiskaltzari auzia artxibatzeko eskatu diola iragarri zuen atzo Portu Agintaritzak, baina lanak berriz martxan ikus artekoak luze jo dezake oraindik.
Gai zerrenda