Jon Bautista 2023ra arteko kontratua izango du Realarekin. Lehen taldeko partaide izango da aurrerantzean. Errenteriarra, pozarren.
Jon Bautista, pozik kontratua luzatu duelako. Argazkia: Real Sociedad SAD.
Jon Bautista futbol jokalari errenteriarrak Realarekin zuen kontratua 2023 urtera arte luzatu du (2020ra artekoa zuen). Horrela, aurretik zuen kontratua beste hiru urtez luzatu du gazteak, eta aldi berean, Realaren lehen taldeko jokalari izango da.
Realaren webgunerako egindako adierazpenetan, Bautista pozik azaldu da: “Zoriontsu nago. Ametsa da niretzat Realaren lehen taldeko kide izatea”. Kontratuaren luzatzean zer ikusia izan du egin duen sasoiak, batez ere Sansen egindakoak eta lehen taldearen azken partidetan azaldutako mailak, “urte oso polita izan da, eta zaleei Europan sartzeagatik poztasuna ere eragin diegu”.
Lorenzo Juarros futbol taldearen kirol zuzendariaren arabera, Bautistak bilakaera ona izan du lehen taldearekin jokatu dituen partidetan, “Zubietako lanaren ondorio da hori. Klubaren filosofian konfiantza handia dugu”.