Preso palestinarren gainean aurkeztutako mozioa onartu du udalak. Elkartasuna adierazi eta Israelgo erakunde eta enpresekin hitzarmenik ez du egingo.
Madalenateko omenduak izandatu zituen atzo plenoak aho batez.
Oinez proiektua omenduko dute madalenetan, eta horren izenean Amaia Urdanpilleta eta Joxin Agirre. Urdanpilleta eta Agirrek piztuko dute, beraz, aurtengo madalenei hasiera emango dien suziria. Aho batez onartu zuen atzo plenoak izendapen hori, eta talde politiko guztiek goraipatu zuten Oinez proiektua. Hamar urteko ibilbide badu ere, ez da ezaguna herritarren artean Oinez, nahiz eta epe horretan ehun lagun inguru lagundu dituen, eta Jon Txasko zinegotziak azaldu zuenez diskretua da proiektua: “Ez du helburu ospe soziala lortzea”.
Oinez proiektuak gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak laguntzen ditu, gizarteratzeko prozesuan bidelagun dute, “gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonenganako elkartasuna bilatzen du, azken batean, pertsonen duintasunaren alde egiten duen proiektua da”. Diskrezioz egiten dutela lan bertan aritzen direnak gaineratu zuen Txaskok eta beren ingurune sozialarekin konpromiso handia dutela erantsi, “bizitza ulertzeko modu bat da, eta boluntario talde honek bere jardunarekin zalantzan jartzen du gaur egungo mundua, izan ere, biztanleriaren zati batek pairatzen dituen eguneroko arazoekiko axolagabetasunak eta urruntasunak nabarmen uzten du eraikitzen ari garen gizarte ereduaren sinesgarritasuna”.
Boluntario taldea izatea da proiektuaren beste bereizgarrietako bat, taldean parte hartzen duten guztiak hala dira, boluntario. Oinez omenduta, proiektuak eta bertan lan egiten duten pertsonek irudikatzen duten eredua nabarmendu nahi dutela gaineratu zuen Txaskok, “egunez egun burutzen duten lana eredu baita guztiontzat. harro gaude oinez proiektua omentzeaz”. Txaskok eskerrak eman zizkien azkenik proiektuan lanean ari diren kide guztiei, “sinestarazten digutelako oraindik ere posible dela mundu hobeago batean bizitzea”.
EAJk Oinez proiektuak eta bertan parte hartzen duten kideek gizarte justuago baten alde lanean ari direla nabarmendu zuen eta erakundeak heltzen ez diren eremuetara iristen direla, eta PSE-EEk berriz, eskerrak eman zizkien proiektuan parte hartzen dutenei. Errenteria Irabaziz alderdiak berriz, Oinez proiektu eskuzabala eta solidarioa esan zuen, “bazterketa egoeran dauden pertsonekin bat egiten duena, bizitza hobeagoa eta duina eskaintzeko”. Julen Mendoza alkateak Urdanpilleta eta Arregik herriarekiko duten konpromisoa nabarmendu zuen, “ez soilik proiektu honekin, harago doa. Amaia Urdanpilleta Plan Estrategikoko Aholku Kontseiluko kidea da, eta horrek erakusten du herri honekiko zein bertan dauden proiektuekiko duen atxikimendua. Joxin Agirreren kasuan, pertsona handia dela esan dezaket, iristen den horietakoa”.
Preso palestinarrei elkartasuna
Mozioa aurkeztu zuten Errenteria Irabaziz eta EH Bilduk gose greban izan diren preso palestinarrei elkartasuna adierazteko. Errenteria Irabazizeko Nagore Basurtok aurkeztu zuen mozioa, eta orduan jakinarazi zuen gose greba bertan behera utzia dutela preso palestinarrek, baina hala ere mozioa mantenduko zutela: “Gose greba aitzakia izan da mozioa aurkezteko, baina hura bertan behera utzita ere, arrazoia nahikoak daude preso palestinarren gaineko mozioa mantentzeko bizi duten egoera benetan larria delako. Ez bakarrik palestinar presoei, elkartasuna adierazi nahi diogu Palestinako gizarte osari, eta bide batez baliatu Israelgo gobernuak Palestinarengan ezartzen ari den apartheid egoera salatzeko. Uste dugu udal honek ere zerbait egin behar duela bide honetan”.
EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Preso palestinarrek bizi duten egoera Israelgo espetxeetan ez zen azaltzen, ezta boikota eskatzen zuen punturik ere. EH Bilduk eta Errenteria Irabazizek aurkeztutako mozioak egin zuen aurrera bi alderdi horien aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin. Horren arabera, elkartasuna adierazteaz gain, udalak adostu du akordio, hitzarmen edo kontratu politiko, komertzial, segurtasun edo kulturalak ez egitea Israelgo erakunde, enpresa eta instituzioekin. Horren gainean nazioartean antolatutako kanpainarekin bat egin du udalak.
Israelek palestinarrei jasanarazten dizkien urraketetako batzuk aipatu zituen Eñaut Gracia EH Bilduko zinegotziak, “okupazio ilegalak, nazioarteko gorteari bizkarra ematea, 12 eta 13 urteko haurrak kartzelan edukitzea, fosforo zuria erabiltzea zibilen kontra… adibide gutxi batzuk baino ez dira horiek guztiak. Zarren garaiko Errusian kartzela oso ondo ezagutu zuen Fiodor Dostoyevskiren zita ekarri nahi dut gogora ‘Gizarte baten zibilizazio maila, bere presoei ematen dien tratuak erakusten du’. Horrek balio du Palestinan, balio zuen Errusian eta balio du Espainiako Estatuan”.
Julen Mendozak, 6500 preso palestinar daudela ekarri zuen gogora, eta horietatik 300 inguru adin txikikoak direla: “Preso palestinarren bizi baldintzak bizitza baldintzak prekarioaren hurrengoak dira, kasu askotan bisitak izateko aukerarik ere ez dute”.