Juanba Berasategi zuzendari zenaren azken lana, ‘Nur eta herensugearen tenplua’ gaur helduko da zinemetara Lotura Films ekoiztetxearen eskutik. Filma pantaila handira eramanda, zinemak jendez betetzea dute erronka.
Gaur estreinatuko dute ‘Nur eta herensugearen tenplua’ filma. Argazkia: Lotura Films
Hegaldia hasiko du gaur herensugeak, eta ez nolanahikoa, Euskal Herriko hiriburuetako, Madrilgo eta Bartzelonako pantaila erraldoietan egingo baitu. Lotura Films ekoiztetxeak Juanba Berasategi sanjuandarrak zuzendutako azken animazio filma estreinatuko du gaur, Nur eta herensugearen tenplua. Berasategi ez da heldu bere azken lana pantaila handian ikustera, apirilaren 29an zendu zen euskarazko animazio filmen aitzindaria, eta horrek are bereziago egingo du estreinaldia.
Egun handia izango da gaurkoa Lotura Films ekoiztetxearentzat, baina bereziki urduri ez daudela esan du ekoizle eta Juanbaren alaba Miren Berasategik, «aurreko larunbatean egin genuen aurrestreinaldia Donostiako Principe zineman, eta oso gustura gaude erantzunarekin. Uste dut proba gainditu dugula». 260 lagun bildu ziren aurrestreinaldi horretan, Toti Martinez de Lezea idazleak sortutako liburua oinarri duen filma ikustera.
Mirenek berak, eta Lotura Filmseko kideek maiatzaren 27a [aurrestreinaldiaren eguna] eta gaurko data ez dituztela ahaztuko argi dio ekoizleak, «estreinaldi berezia izango da, Juanbak egon behar zuelako eta ez delako iritsi. Bera hemen izan balitz harro litzateke egin dugunaz, zinemara eramatea lortu dugulako, eta hori da egin diezaiokegun oparirik onena». Zinemara eramatea lortuta, zinema aretoak betetzea dute orain erronka, hiru urteko lan handiaren ondotik. Duela hiru urte hasi zen gidoia idazten Eneko Olasagasti. Eta orduan hasi ziren ere finantziazioa bilatzen. Ekoizpen lanetan, berriz, bi urte inguru eman dituzte: «Prozesu luzea dago atzean».
Balio erantsia
Ategorrietan kokatutako ekoiztetxean sortutako produktuak kalitatezkoak dira, baina ezin dira alderatu ekoiztetxe handiek sortutakoekin: «Gure aurrekontuaren hamarkoitzarekin sortzen dituzte filmak ekoiztetxe handiek».
Lotura Filmsen sortutakoek, baina, balio erantsia dute, Euskal Herrian eta euskaraz eginak dira, eta irudimena jartzen dute erdigunean, «modu ezberdin batez kontatzen dugu istorioa, helburura iristeko proba batzuk pasa beharko ditu haurrak. Ikuslea aktibo mantentzen dugu uneoro, pentsatu egin behar duelako». Nur eta herensugearen tenplua-k ere filosofia horri jarraitu dio. Irudimena oinarri hartuta, adiskidetasuna eta elkartasuna bezalako balio hezitzaileetan jarri dute arreta.
Martinez de Lezea idazlearen Nur oso pertsonaia ezaguna da haur eta gaztetxoen artean, eta horrek filmari lagunduko diola zalantzarik ez du Mirenek. Liburua irakurri duenak filma ikusterakoan pertsonaiak, lekuak, gertaerak identifikatuko ditu, baina pantaila handira eramateko garaian «lizentzia batzuk» hartu dituztela aitortu du ekoizleak, «pertsonaiaren bat sortu dugu eta gauza batzuk ere asmatu ditugu. Zinera eramateko trama batzuk sortu behar dira, azken batean, baina liburuaren esentzia mantendu egin dugu. Liburua irakurri duenak istorioa antzekoa ikusiko du, baina aldaketak ere sumatuko ditu».
Martinez de Lezeak joan den larunbateko aurrestreinaldian ikusi zuen filma osorik lehenengoz, eta emaitzarekin gustura dagoela esan du Mirenek, «guri behintzat hala esan digu. Juan Luis Landa ilustratzaileak ere hala esan digu, gustura dagoela egin dugun lanarekin».
Berasategi, aitzindari
Euskarazko animazio zinemaren aitzindaria izan zen Juanba. Kalabaza tripontzia lanarekin bide berri bat urratu zuen eta bere azken lanak ikusiko du argia gaur pantaila handian. Pertsona garrantzitsua galdu du zinemak, baina badirudi hark urratutako bidea jarraituko duenik badela, «egingarri ez zirudien zerbait egingarri bilakatu zuen Juanbak, eta egoera gaur egun ona ez bada ere, zaila delako, euskarazko animazioan eta irudi errealean ari gara batzuk, eta erakutsi dugu euskaldunok, gure mailan, kalitatezko gauzak egiten badakigula», esan du Mirenek. Juanbak bide bat ireki duela argi du, aitzindaria izan dela, «ez bakarrik guretzat, uste dut jende askori zabaldu diola bidea honetan lan egiteko, eta guk, berak irekitako bide horretan jarraituko dugu, zinema Euskal Herrian eta euskaraz egiten. Saiatuko gara behintzat».
Hurrengo erronkak definituta dituzte eta proiektuak aurreratuta, baina zehaztasunik ez du eman izan nahi Lotura Filmseko ekoizleak, «zorte txarra ekartzen duela esaten dutelako».
Zinema aretoetara Nur eta herensugearen tenplua ikustera zergatik joan behar den ere esan du Mirenek: «Euskaraz da, eta euskal zinema bultzatu behar dugula uste dut. Polita da oso filma, eta gainera Juanbari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena zinemak jendez betetzea dela uste dut».
Nur, herensugea, Ali, Zhi Min, Sara, Faiza, Jung Yu, Guo Guo, bikiak eta Den jaunaren alaba zain dira argiak itzali eta animaziozko euskal zinemagintzaren aitzindari izan zen Jaunba Berasategiren azken lanean onena emateko.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.