Gaur, bihar eta etzi lezoarrek Mendekoste Jaiak ospatuko dituzte. Herriko pirata ezagunenak berriro Lezoko kaia zapalduko du, aurtengo jaiei ongi etorria egiteko.
Iazko mendekosteetan, Zabarre Lezora iristen.
Lezo betidanik itsasoarekin lotura izan duen herria izan da. Azken mendeetan, kaiak eta herriak berak hamaika pirata ikusi ditu. Horietatik ezagunena —eta txikientzako kuttunena— Zabarre pirata da. Azken hilabeteetan Beltza ontzian itsasotik egindako bidaietan lapurtutako aberastasunak lezoarrekin partekatzera dator. Gaur, kaian lehorreratu ondoren, urtero bezala, Mendekoste Jaiei hasiera emango die.
1977. urtean Zabarre, Joxe Zabalaren kondaira komikia argitaratu zenetik, pirata Lezoko protagonista nagusia izan da. 1993an, lehen aldiz lehorreratu zen herrian. Orduz geroztik, lezoarrek urtean zehar irrikitan itxaroten dute pirataren itzulera, jai eta festaren seinale den itzulera hori. Oarso Bidasoko jai handietatik lehenak dira mendekosteak.
Zabarreren lehorreratze eta pregoiak, azken hamar urteetan «beste indar bat» hartu dutela adierazi du Xanti Val Kultura teknikariak. «Berezi» egiten ditu jaiak, eta geroz eta «kanpoko jende gehiago» datorrela aipatu du. «Pregoia oso polita da, ikusgarria», gehitu du.
Gaur, bihar eta etzi. Hurrengo egunetan lezoarrak pirataz jantziko dira, Zabarreren hogeita laugarren lehorreratzea ospatzeko, beste urte batez festak diren altxor preziatua denekin elkarbanatzeko.
30 ekitalditik gora
Aurtengo mendekosteetarako 30 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte. Etxeko txikientzat eta helduentzat. Buruhandietatik truk txapelketara. Denek izango dute euren txokoa herriko jaietan.
Mendekoste Jaietan erakargarritasun gehien duen ekitaldia, Zabarreren joan-etorriez gain, biharko Sagardoa Eguna da. Urteko uzta dastatzeko unea iritsi zaie herriko sagardo zaleei XIX. Sagardo egunean.
Bederatzi sagardogilek hartuko dute parte aurtengo sagardoaren festan. Gurutze Santuaren plazak jasoko du urteko dastaketa, 18:00etatik aurrera. Eguraldia lagun ez bada, Karlos Saldise plazan kokatuko dituzte postuak.
Valek Lezoko Dantzazaleak taldearen lana eskertzeko aukera baliatu du hein berean, «eskerrak eman nahi izan dizkiegu urtero musu-truk, egun osoko dantza festa antolatzeko prest daudelako». Haiek emango diote hasiera Sagardo Egunari, Mahai gaineko dantzarekin.
Sagardo Egunaz gain, dantza eta musika saio, txapelketa eta ekitaldi mordoa antolatu dituzte. Aipatzekoak dira, besteak beste, gaurko piraten afari autogestionatua, biharko Usurbilgo Musika Eskolako kideen pop-rock emanaldia, edota etziko zezen suzkoa.
Erasorik ez
Aurtengo Mendekoste Jaietarako, eraso sexisten aurrean herritarrek jarrera aktiboagoa izateko sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina abiatu du Lezoko?Udalak.
Azken urteetan Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako udalekin elkarlanean egin bezala, jaietarako propio egindako erasoen aurkako protokoloa ere martxan jarriko dute.
Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu, erantzun! leloarenpean jaiak denen eskubideak eta askatasuna errespetatuz joan daitezela nahi dute.
Horrela, eraso sexista baten aurrean nola erantzun ezagutarazteko herritarren eskura argibide sorta bat jarri dute. Lehenik, eta behin, protokoloan jasota dagoenez, erasoa jasan duen emakumearengana gerturatu, laguntza behar duen galdetu eta bere erabakia errespetatu behar da.
Bigarrenez, jarrera matxistarik edo gogaikarririk gertatzen bada, jarrera hori eragiten ari den pertsonari gelditzeko eskatu behar zaio, eta gelditzen ez bada, espazio horretatik botatzeko aukera jasota du agiriak.
Ondoren, erasoaren berri Udaltzaingoak izan behar du. Deitu eta gero, erasoa jasan duen emakumeak zer pauso eman nahi duen ez badu erabakitzen, 112 eta 629 434 847 telefono zenbakietara deitzeko aukera badagoela adierazita dago jarraibideetan.
Azkenik, «Udaltzaingoaren parte hartzerik ez bada izan», hurrengo egunean edo ahalik eta lasterren, herriko Udaltzaingoarekin harremanean jartzeko eskatzen du protokoloak.
Neurri sorta horrez gain, herriko leku esanguratsuenetan pankartak ipiniko dituzte. Herriko tabernariei ere gutun bat bidali die udalak, erasoren baten aurrean kontuan hartu beharreko irizpideekin.
Horrez gain, jaiak euskaraz bizi ditzatela esan diete lezoarrei jai batzordeko kideek.
Lezon Ondo Ai Gea
Birziklatzearen aldeko eta errausketaren aurkako kanpaina abiatuko du Mendekoste Jaiekin batera Lezon Ondo Ai?gea taldea. Altamiran ezarrita dagoen eta herri osora zabaltzear den hondakinak biltzeko bost edukiontzien sistemaren emaitzekin kezkatuta dago taldea, horregatik kanpaina.
Gu birziklatuz zoriontsuago izenburukoa da kanpaina. Lezon bizi eta beraien zintzilikarioa mantendu nahi duten familiek eskaera sinatuko dute udalean aurkezteko horren barruan. Horrekin batera, zintzilikarioetan itsasteko pegatinak banatuko ditu taldeak. Bihar, gainera, Tiñelu elkarteak Sagardo Eguna zabaltzeko aukera eman die.
Bestalde, hilaren 16an (ostirala da), Lezon %80 birziklatu. Errausketarik ez! lelopean giza katea egingo dute, plazatik 19:00etan hasita.
Kirol egokitua, bigarren urtez Bekoerrotan
Mendekoste jaietan, bigarrenez, kirol egokituaren aldeko apustua egin dute. Etzirako, 10:00etatik aurrera, pala partidak antolatu dituzte.
Iazko esperientzia «bikaina» izan zen, eta ekitaldi hori sustatu nahi izan dute, Xanti Valen hitzetan. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin batera antolatu dute saioa. Bekoerrota kiroldegian izango dira pala partidak.
Horrelako jarduerak egitea «beharrezkoa» da Kultura Saileko teknikariarentzat, eta hemendik aurrera gisa horretako saio gehiago egingo dituztela argi dute. Pala partiden ostean, haur eta gaztetxoentzat pintxo lehiaketa egingo dute.
22
Eragile
Aurtengo Mendekoste Jaietako antolaketan Lezoko 22 eragile, talde eta elkartek parte hartu dute. Musika, gastronomia, kultur eta dantza eragileak izan dira jai batzordean parte hartu.
Egitaraua
Gaur
- 17:45. Zabarre pirataren ongietorria Lezoko kaian. Oharra: jendea mozorrotuta etortzea eskatzen dute.
- 19:00. Zabarre udaletxeko atarira iritsiko da. Jarraian, pirata txikiek hasiera emango diote jaiari pregoiaren irakurketarekin. Ondoren, Murixkaren agurra eta buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin.
- 19:45. Hondarribiko Kasino Zaharra eta Lezoko Aiton Bordako abesbatzen emanaldia Gezala Auditoriumean.
- 20:00. Preso eta iheslarien aldeko kartelada. Ondoren, Lezoko Gazte Asanbladaren afaria Karlos Saldide plazan. Amaieran, Eonian elektrotxuflaren emanaldia.
- 21:00. Piraten afari autogestionatua Gurutze Santuaren plazan. Amaieran, DJ Ikerren musika saioa.
Bihar
- 09:30. Diana herrian zehar eskualdeko dultzaineroekin.
- 09:30. Motozaleen elkarretaratzea Lezotarra tabernaren ondoan. Jarraian, eskualdeko herriak zeharkatuko dituzte.
- 11:00. Puzgarriak eta jolas parkea Lopenen (eguraldi txarra eginez gero, kiroldegiko frontoian).
- 12:00. Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.
- 12:00. XX. mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar Lezoko Dantzazaleak taldearen eskutik.
- 13:00. Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako banda eta Lezoko Dantzazaleen emanaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 14:00. Motozaleen bazkaria Tiñelu ondoko plazan. Bitartean, motoak ikusgai.
- 16:00. Puzgarriak eta jolas parkea Lopenen (eguraldi txarrarekin Bekoerrotako pilotalekuan).
- 16:00. Truk txapelketa Tiñelu elkartean.
- 17:00. Poneyak eta herri jolasak haur eta helduentzat, DJ baten animazioarekin, Tiñelu ondoko plazan.
- 18:00. XIX. Sagardo Eguna Gurutze Santuaren plazan Tiñelu elkarteak antolatua (eguraldi txarrarekin, Karlos Saldise plazan). Hasieran, Lezon Ondo Ai Gearen zabaltze ekitaldia, eta Lezoko Dantzaleen Mahai gaineko dantza.
- 19:00. Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.
- 20:00. Itsaso eta Irune Trikitilarien emanaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 22:00. Zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan.
- 23:00. Usurbilgo Musika Eskolako pop-rock taldeen emanaldia Karlos Saldise plazan.
Etzi
- 09:30. Diana herrian zehar eskualdeko dultzaineroekin.
- 10:00. Kirol egokituko pala partidak Bekoerrota kiroldegiko frontoian.
- 10:30. Pintxo lehiaketa haur eta gaztetxoentzat Karlos Saldise plazan.
- 12:00. Herri kirolen erakustaldia Gurutze Santuaren plazan. Joseba Ostolaza harrian eta Manolo Kañamaren eta Fausto Mugerza aizkora lanetan.
- 12:00. Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin Karlos Saldise plazatik abiatuta.
- 17:00. Altxorraren bila jolasa. Irteera Gurutze Santuaren plazatik. Jarraian, herri kirolak haurrentzat Goiko Plazan.
- 18:00. Murixkaren 50. urteurreneko ekitaldiaren bideo emanaldia Gezala Auditoriumean.
- 19:00. Gabezin taldearen kontzertua eta dantzaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 21:45. Zezen suzkoa Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako bandarekin Gurutze Santuaren plazan.
HITZAren papereko edizioan atera den erreportajearen bi orriak, hemen: