Arriskuan daudenak pentsioak ez direla, pentsionistak baizik esan du Duintasunak, eta emakumeen egoera nabarmendu du: %40 gutxiago kobratzen dute.
Duintasunak elkarretaratzea eta manifestazioa egin ditu.
Hileko lehen asteleheneko elkarretaratzea eta manifestazioa egin ditu Duintasuna Jubilatu eta pentsionisten elkarteak gaur. Mila eurotik beherako pentsiorik ez dutela onartuko esan dute berriz ere, eta zahartzaro duinerako eskubidea galdegin dute. Komunikabideei erreparatu diete. Pentsioen sistema publikoa bideragarria ez dela errepikatzea egotzi diete “finantza erakundeen zerbitzura” diren komunikabideei: “Pentsio pribatuak egin ditzagun bilatzen dute, guztion dirua, diru publikoa, lapurtzen duten bitartean. Zergatik hitz egiten dute pentsioez eta ez pentsionistez?”.
Arriskuan daudenak pentsioak ez direla, pentsionistak baizik gaineratu dute, eta emakumeen egoera nabarmendu dute. Azken horiek %40 gutxiago kobratzen dutela erantsi dute. UGT, CCOO sindikatuen, patronalaren, eta PSE-EE eta PP alderdien jarrera arbuiatu dute eta langile guztien aurka egin dutela esan du elkarteak aurrera atera dituzten erreformekin, Pentsioei ezarritako izozketa eta murrizketekin, pentsio guztien bolumena %2 eta %30 artean murriztea egotzi die.
Gizartearen arazo nagusiena bilakatu dela “alzheimer soziala” esan du bestalde, Duintasunak, “gure oroimen ezak lapurren eta ustelen alde egiten du. Ahaztea eta axolagabekeria gizarte honen arazo nagusienetako bat bihurtu da. Lapurrek egindakoa eta esandako gezurrak ahaztu egiten ditugu, beren tranpak eta iruzurrak, baita haiek etengabe sostengatzen dituztenak ere, eta hala doakigu”.
Diru sarrerak Bermatzeko Errenta
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu datozen egunetan DBE Diru sarrerak Bermatzeko Errenta eta inklusio sozialerako sisteman Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enplegu eta Politika Sozialetako Departamenduak iragarri dituen erreformak salatzeko. Horren harira, mobilizazioak egingo dituzte hilaren 14an laguntza horiek jasotzen dituztenak Donostian eta Bilbon, eta hilaren 29an Donostia, Bilbo eta Gasteizen gehiengo sindikalak. Mobilizazio horiekin bat egin du Duintasunak eta herritar guztiak deitu ditu parte hartzera.