Udalaren helburuak ardatz hartuta, adierazle batzuk finkatuko dituzte egindako inbertsioen betetze maila egokia den ebaluatzeko.
Jon Collar, Jon Txasko,eta EHUko Agustin Erkizia eta Errapel Ibarloza.
Helburuetan oinarritutako aurrekontuak egin nahi ditu Errenteriako Udalak. Udalaren helburuak ardatz hartuta egin nahi dituzte aurrekontu horiek, eta horretarako adierazle batzuk finkatuko dituzte egindako inbertsioen betetze maila egokia den ebaluatzeko. Teoria badagoela, baina praktikara eramatea zaila dela esan du Ogasun zinegotzi Jon Txaskok, gaur goizean proiektua aurkezteko egin duten agerraldian. Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan abiatu du proiektua.
Proiektuarekin, zertarako gastatzen den, eta aldi berean, eraginkortasuna neurtu nahi dute, “gastatzen dena zertarako erabiltzen den aztertzea sustatu behar da. Aldaketa erraza eman badezake ere, orain arte ez dute asmatu planteatutakoa praktikara eramateko formularekin. Lan teoriko eta ikerketa asko egin diren arren, ez dute emaitzarik eman”.
Udalean abiatu duten prozesuan, unibertsitatearen lankidetza izango dute udal teknikarien prestakuntza espazioa abiatzeko, eta datorren astean bertan egingo dute lehen saioa. Pozesua amaituta, berriz, proposamen zehatza izango du udalak.
Errenteriakoa esperientzia pilotua izango da. Ez da halakorik egin Gipuzkoan behintzat, eta horren harira Errenteriako Udalaren “ausardia” txalotu du EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak, “Errenteriako Udalak kudeaketa arloan aurrera egin nahi duela erakutsi du”. Errenteriako Udalean abiatu duten esperientzia pilotuak emaitza onak ematen baditu gainera, Gipuzkoako herri guztiek erabiltzeko aukera izan dezaten, “berdin balio duelako udaletxe handi baterako zein txiki baterako”, gaineratu du Erkiziak.
Administrazioa hurbilagoa, gardenagoa, azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin udalaren funtzionamenduan hainbat aldaketa egiten ari direla esan du, bestalde Jon Collar bigarren alkateordeak . Helburuetan oinarritutako aurrekontuen prozesua aldaketa horien barruan kokatu du Collarrek: “Beste bi elementu eraldatzaileak Herritarren Arreta Zerbitzua eta udalaren barne funtzionamenduaren aldaketa da. Azken horren arabera, 11 batzorde informatibo izatetik, koordinazio zuzendaritza eta hiru arlo izatera pasa gara: Herritarrak, Lurraldea eta Antolaketa”.
Helburuetan oinarritutako aurrekontuen prozesuak denbora eramango duela esan dute Txaskok eta Erkiziak, “langileak parte izatea nahi dugulako, ekarpenak egitea, eta horretarako denbora eman behar diegulako”.