Herritarrei astearterako deitu duten elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu die
Sorginak taldeak elkarretaratzea antolatu du astearterako eta udalak babestu egin du mobilizazioa.
Lezoko Udalak joan den asteburuan jaien harira Lezon gertatutako jarrera sexistak salatu ditu. Jakinarazi dutenez, gazte bat atzeman zuten festetako larunbatean, taberna baten kanpoaldean, ezkutuan, leiho batetik nesken komun barrura argazkiak ateratzen. Honen aurrean Udalak “publikoki eta aho batez, gure jendartean horrelako gertaerak ez direla onartzen” adierazi du, eta erakunde, elkarte eta herritarrei lanean jarraitzeko eskatu die “emakumeak aske eta jazarpen matxistatik libre bizi daitezen”.
Helburu horretan, instituzioek eta herritarrek bat egin behar dutela gaineratu dute udaleko iturriek, “guztion ardura baita halako jarreren aurrean erantzun egokia ematea eta indarkeria sexistak ekiditeko baliabideak jartzea”. Horregatik, Lezoko Udalak “beharrezko eta premiazko” jo du “mekanismo guztiak artikulatzea berdintasunezko gizartea eraikitzeko”. Zentzu horretan berdintasun politikak hauspotuz edota indarkeriaren aurkako ekintzak antolatzen jarraitzeko konpromisoa bere gain hartu du.
Azkenik, Sorginak taldeak astearterako deitu duen elkarretaratzearekin bat egin eta herritarrak mobilizaziora deitu ditu. Asteartean da elkarretaratzea (hilak 13), 19:30ean, Gurutze Santuaren plazan.