Udalak kultur ekipamenduetarako lokala eskuratu du Kale Nagusian, udal liburutegiaren parean, herriko taldeek erabil dezaten.
Lokal berria, Kale Nagusian dago, liburutegiaren parean.
Herriko taldeen artean sinergiak sustatzeko asmoz, Lezoko Udalak kultur ekipamenduetarako lokal berria erosi du Kale Nagusian, udal liburutegiaren parean, herriko taldeek erabil dezaten. Beren entseguak egiteko eta materiala gordetzeko tokia eskainiko diete taldeei ekipamendu berrian.
Udalaren asmoa da lokala udan egokitzea eta ikasturte berriarekin batera taldeak eremu berrira lekualdatzea. Datozen asteetan kultur taldeek ekipamendu berria ezagutzeko aukera izango dute, udalak horretarako propio antolatutako bisitetan.
Inbertsio honek, hala ere, helburu bikoitza duela nabarmendu du udalak: kultur taldeen beharrei erantzuna eman eta haien arteko sinergiak sortu ez ezik, Kale Nagusiari bizia eman nahi diote, “kultur plaza berria” sortuz eremuan.
Herriaren nortasunaren adierazle
Herriko eragileei bultzada mena nahi die udalak, Jesus Mari Martiarena alkateak esan duenez, “kultur taldeak ezinbestekoak” direlako Lezon : “Haiei esker herritarrek dantza ikuskizun edota antzerki obrez gozatzeko aukera izaten dute urtean zehar, eta ez hori bakarrik, herriko jaien prestakuntzan ere funtsezkoak dira”, adierazi du .
Norabide berean, “kultur jarduerak herriaren nortasun eta biziaren adierazle” direla nabarmendu du alkateak, horregatik kulturaren aldeko apustu sendoa egin nahi dutela berretsi du. Horregatik, kultur jarduerei bideratutako diru partida handitzeaz gain herriko taldeen beharrei erantzuteko hainbat proiektu martxan jarri dituztela iragarri du, eta Gezalako aldagelen proiektua aipatu du adibide.