Proposamen bateratuak landu nahi dituzte barrutian.
Proisari buruzko batzarra, San Pedroko udal aretoan
400.000 euro zertan inbertitu herritarrekin erabakiko du Pasaiako Udalak eta horretarako martxan du
parte hartze prozesu bat. Lehen bilera aste honetan bertan egin dute Donibanen, eta datorren astean, Antxon eta San Pedron egingo dituzte bilkurak, herritarren ahotik barrutiko beharrak zeintzuk diren entzun eta beren proposamenak biltzeko.
Deialdi honen aurrean, San Pedron, Proisaren aldeko mugimenduak deialdi bat plazaratu du, bilerara zein proposamen eraman “denon artean adosteko”. Proisak, astelehenerako jarri du zita, 19:30ean, pilotalekuaren atzealdeko orubean; Udalaren bilera, berriz, ostegunean da, 18:00etan, udal aretoan.
Antxoko bilera astelehenean da, ikastolan, 18:00etan eta Trintxerpekoa, ordu berean, hilak 19an, alkateordetzan.
Hitzarmena
Astelehenean baita ere, baina goizean, 11:30ean, hitzarmena sinatuko du Proisak udala eta aldundiarekin. Aipatu hitzarmena, San Pedroko kultur ekipamendu berria lortzeko bidean aurrera urrats bat da. Hitzarmenak hiru sinatzaileen eskubide eta betebeharrak biltzen ditu.
Astelehenean Donibanen sinatuko dute hitzarmena, udaletxean. Sinatzeko ekitaldia kultura diputatu Denis Itxasok, Pasaiako alkate Izaskun Gomezek eta Proisako kide Igor Carballok parte hartuko dute.